Puntako ipuin kontalariak datoz Oñatira datorren astean

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko ekainaren 23a

Ana Apika, Iñaki Olalde, Dorleta Kortazar eta Virginia Imaz goizean kultura etxean egindako prentsaurrekoan.

Santa Ana antzokian eta Goiko Bentako ganbaran egingo dituzte saioak Huelvatik, Tenerifetik zein Euskal Herritik etorritako kontalari banak. Irekiak dira eta gonbidapen berezia egin dute entzutera joateko.

Helduendako hiru ipuin-kontaketa saio egingo dituzte Oñatin datozen egunetan. Puntako ipuin-kontalarien eskutik izango dira eta antolatzaileek bereziki luzatu dute gonbidapena saioetara joateko: "luxu bat da horrelako profesionalak hemen izatea".

Astelehenean izango da lehen saioa. Rayanas izeneko ipuina kontatuko du Huelvatik etorriko den Irene Reinak. Santa Ana antzokian izango da, 18:30ean. "Huelva eta Portugal arteko mugan mugitzen ziren emakume mugalarien inguruko ipuina da. Oso kontalari ona da Reina. Kontatu eta kantatu ere egingo du, gainera", iragarri du Dorleta Kortazar eskoriatzarrak. Hain zuzen ere, bera izango da hiru kontalarietako beste bat. Martitzenean, hilak 30, orain arte euskara kontatu duten 80 amandre ipuina gazteleraz kontatuko du lehen aldiz: 80 abuelas. "Benetako erronka", Kortazarrendako. Goiko Bentan izango da eskoriatzarraren saioa, 18:30ean. Baita Diego Reinfeld kontalariarena ere. Uztailaren 1ean, La espada bajo la almohada ipuina kontatuko du toki eta ordu berean.

Jardunaldia eta eskola ere bai

Espainiako narratzaile elkarteak (AEDA) antolatutako udako jardunaldiekin batera egingo dituzte ipuin kontaketa hauek Oñatin. Hamaikagarren aldiz egingo dira, lehenbizikoz Euskal Herrian. "Eta Oñatin egitea pozgarria da guretako. Izan ere herri txikietan egitea da gure filosofia, desentralizatzea, eta Arantzazu oso toki aproposa da horretarako. Gustatzen zaigu herri txikietan egitea jardunaldia eta era berean guk ere herriari zerbait eskaintzea, eta hor kokatzen dira herritar guztiendako egingo ditugun hiru ipuin-kontaketa horiek", azaldu du AEDAko kide den Virginia Imazek.

Goizean kultura etxean egindako prentsa agerraldian.

Ipuin-kontaketak herritar guztiendako diren moduan, astelehenean egingo duten jardunaldia batez ere ahozkotasuna eta literatura uztartzen dituzten lanbideetako jendeari zuzenduta dago: kontalariak, liburutegietako langileak, irakasleak... Santa Anan –solasaldia eta mahai ingurua– eta kultura etxean –tailerrak– egingo dituzte jardunaldien barruan. Horrez gain, elkarteak antolatutako udako eskola ere Oñatin egingo dute; Arantzazun, zehazki. Estatutik eta Euskal Herritik etorriko diren 50 ipuin kontalari profesional eta amateur elkartuko dira, gutxienez, eta bakoitzaren esperientziatik ikasiko dute guztiek. "Eskola hau oso garrantzitsua da guretako, aukera ematen digulako urtean behin, behintzat, elkartzeko", dio orain arteko eskola guztietan parte hartu duen Dorleta Kortazar eskoriatzarrak.

Aurreko ekitaldietan egin duten moduan, aurten ere emango dute "urrezko pitorroa" izeneko saria. Aurten Salamancako herri txiki bateko liburuzaina den Manuel Hernandezek jasoko du, "ahozkotasunaren alde egiten duen lan handiagatik".

"Ohorea" Udalarendako

Iñaki Olalde kultura batzordeburuak azaldu duen moduan, Udalarendako "ohorea" da maila honetako ipuin-kontalariak Oñatin egotea. Itzulpengintza zerbitzua ere egongo da jardunaldietan, antolatzaileek "euskararen doinua eta musika" entzun dadin gura dutelako, eta horri balioa eman dio Olaldek. "Ahozkotasunak garrantzia handia dauka. Oñatin hiru ikastetxeetan lantzen da bertsolaritza eta horrek lotura du ahozkotasunarekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak