AEDA elkartearen udako ikastaroko antolatzaile taldeko kide da eskarmentu handiko kontalari Virginia Imaz (Donostia, 1962).
Estreinakoz egingo duzue Euskal Herrian, ezta?
Bai, hala da; ipuinak kontatzen dituztenentzako edo nola egin ikasi nahi dutenendako formakuntza saioa Arantzazun izango da, eta Oñatin hasiko da, irakurzaletasuna sustatzeko egun bateko jardunaldiarekin.
Norentzako dira?
Ahozkotasunaren garrantziaz komunitatea sentsibilizatzea helburu duen jardunaldira liburutegietako langileak, idazleak, bertsolariak, ipuin-kontalariak eta istoriozaleak etortzen dira. Eta ahozko narrazioaren eskolara, berriz, profesional edo amateur mailako kontalariak eta baita istorioak kontatzen ikasi nahi dutenak ere.
Zelako egitaraua duzue?
Hitzaldiak, mahai-inguruak eta tailerrak izango dira Euskal Herriko askotariko talentuen eskutik, horien artean, Pello Añorga, Itziar Rekalde, Maite Guevara, Galtzagorri elkartea edo Ahotsak proiektuko Idoia Etxeberria izango dira, eta baita kanpoko aditu asko ere, hala nola, Pep Bruno, Estrella Escriñà, Laura Escuela, Dandra Araguas eta Juan Gamba. Era berean, ahozko narrazioko ikuskizunak ere izango dira, Irene Reina, Diego Reinfeld eta Dorleta Kortazar eskoariatzarrak egindakoak.
Hainbat aukera daude parte hartzeko, ezta?
Hala da, bai. Ekainaren 29ko jardunaldirako bakarrik eman daiteke izena, edo lau egunerako, bestela. Eta, horrez gainera, ikastaro osora datozenek bertan lo egin edo ez aukeratu dezakete. Ahozko narrazioko ikuskizunetarako sarrera dohainik da, eta guztiontzako zabalik, edukiera bete arte.
Izena emateko garaiz gaude?
Bai, noski! Zuen zain gaude. Narracionoral.es atarian duzue informazio zabalagoa.
Zure hastapenetatik hona zertan aldatu da kontalari-mundua?
Ipuin kontalari moduan ia 40 urte daroat ibilbide profesinal horretan; ahozko narrazioaren berpizkundera joateko aukera izan dugu eta hori gauza handia da. Lehen, kontatzea jendea izateko modu bat zen, familietan, komunitateetan, oro har, modu espontaneoan kontatzen zen. Telebistarekin eta gaur egun hainbeste pantailekin desagertzen joan zen hori, eta zorionez, arrisku honengatik, ahozko narrazioa ofizio bihurtzen hasi zen. Egia da ez duela jendetza handirik mugitzen, baina oso beharrezkoa zaigu. Ahozkotasuna babesleku bat da, erresistentzia poetiko eta etikoko premiazko espazio bat. Eta hor gabiltza, bidea egiten.
Zein da, zure ustez, Euskal Herriko kontalaritzaren osasuna?
Beste erkidego batzuekin alderatuta, nahiko ona da. Liburutegietan haurrentzako programazio egonkorra finkatu dute, baina helduentzako urriagoak eta mantentzeko zailagoak dira. Bertsolaritzak gure herrian duen prestigioa ere badugu, defentsa identitarioaren bidez lortua, eta bertsoak eta ipuinak, biak, ahozkotasunaren barnean daude. Arabazan euskarazko lehen ahozko narrazio eskolaren sorrera ere ospatu behar da.