Bestelako itxura izango du Sancti Spiritus unibertsitateak fatxada zaharberritzeko lanak bukatu ondoren. Jatorrizko itxura berreskuratuko du; hau da, ez du "harrizko" fatxadarik izango, orain arte ezagutu den moduan: leunduta egongo da, leuna izango da.
Alboak leunduta daude
Horren alde egin du birgaitze proiektua egiten diharduen Iruñeko Tabuenca & Leache Arquitectos enpresak, eta horixe berretsi du Gipuzkoako Aldundiko Ondare Historiko-Artistikoko arkitekto Josu Maroto Peñagarikanok: "Jatorrian, harria ez zegoen bistan. Hori horrela zela ikusteko datuak bagenituen eta proposamena historikoki justifikatuta zegoela ikusi da. Bestalde, pareta leuna bada, hezetasunari aurre egiteko modu bat ere bada, eta, ondorioz, ur gutxiago filtratzen da eta hezetasun gutxiago sortu".
Marotok azaldu duenez, alboetako fatxadetan originalak ez diren leiho eta forjatu asko daude, eta horiek "sinplifikatu" egingo dituzte, "leundu eta uniformatu, garrantzia kendu aldera; modu horretan, originalak gehiago nabarmenduko dira". Fatxada leunduta, harlanduak eta elementu eskultorikoak nabarmenduko dira". Eraikinaren alboetako fatxadak ia bukatuta daude, leunduta daude, eta jatorrizkoak ez diren leihoak, lauki zuzen perfektu moduan utzita. Duela zenbait aste egin zituzten probak, kapak zenbat kare beharko zuen jakiteko edo ze kolore hartuko zuen erabakitzeko. Aurreko fatxadan lan handiagoa dute. Sarrera nagusia dagoen fatxadan daude elementu historiko eta arkitektoniko garrantzitsuenak, eta haiek zaharberritzen dihardute oraindik.
Turismo Bulegoak, bi gela
Aldundiko teknikariek obrak ondo doazela adierazi dute. Eraikinaren goialdean dauden soldaduen irudiak, esaterako, zaharberritu egin dituzte, eta aste honetan ibili dira hango aldamioak kentzen; lanak bukatu ahala kenduko dituzte. Lanak irailaren erdirako bukatzeko asmoa dute; jarritako epea beteko dute horrela. Zaharberritze-lanekin batera –fatxada, klaustroa eta teilatua–, Turismo Bulego berriaren egoitza eta eraikina irisgarria izateko lanak ari da egiten Valuarte-Inmeva aldi baterako enpresa elkartea. Eraikinera sartu eta klaustrora sartu aurretik ezkerretara dagoen atetik sartuko da gero Turismo Bulego berrira. Bi espazio izango ditu: erakusketa jartzeko moduko gela bat eta herritarrei zein bisitariei arreta eta zerbitzua emango dien gune bat. Lehen HAEEren bi gela zeuden han, eta, haien arteko pareta botata, espazio handi bat egongo da gero; HAEEren bulegoak lehen solairuan egongo dira, lehen artxiboan zegoen tokian. Kapera dagoen tokian mantenduko da. Gaur egun, lurra jasota dago, bentilazio sistema hobetzeko instalazioak azpitik pasa daitezen, baina lehengo lurra jarriko dute gero. Kaperako sarreran, berriz, kristal bat jarri gura dute, erretaula bistan egon dadin. Igogailua klaustrora sartu eta ezkerrera egongo da, beiraz estalita, eta bueltan eskailera metaliko batekin.
Herritarrendako bisita irekia
Azahara Dominguez diputatuak eta Gipuzkoako hainbat batzarkidek bisita egin zuten atzo, eguena, unibertsitatera. Herritarrendako ere egingo dute bisita bat; irekia izango da eta obrak ikusteko interesa duen edonor joan ahal izango da. Oraindik ez dute data zehaztu baina ekainean egitea da Aldundiaren asmoa.