Bakioko udaleku bateko egoera salatu dute, besteak beste, Oñatiko hainbat familiak

Julen Murua Mesonero 2025ko uzt. 16a, 16:54

Bakioko udalak ‘The Wild Ones’ enpresaren udaleku pribatuak ixtea erabaki du umeen segurtasuna babesteko helburuarekin. Bada, udaleku horietan izan ziren neska-mutiletako batzuk oñatiarrak dira.

Gazteak udalekuetan utzi eta gutxira ohartu ziren egoeraz gurasoak, gertatutakoaz kaltetutako Lorea Suarezek adierazi duenez. Ohartu bezain pronto, umeekin etxera itzultzea erabaki zuten. "Alaba udalekuetan utzi eta gutxira jaso genuen haren deia, bere bila joateko esanez. Debako aita bati esker lortu zuen telefonoa, eta aita harek eman zidan azalpena zera izan zen: eskatu zutela instalakuntzak ikustea, eta sartu zirenean barrukoak izuaren etxea zirudiela", sio Suarezek.

Aurretik Oñatiko beste talde bat izan zen udalekuetan, eta euren bitartez jakin zuten egoera ez zela onena. Hala ere, udalekuetako koordinatzailearekin hitz egin ostean "lasai" gelditu zirela dio Suarezek.

Erantzunik ez

Hainbat familiek egoera salatu ostean, Bakioko udaltzaingoa udalekua zegoen eraikinera joan zen. Egoera ikusita, etxera itzuli ziren oñatiarrak, eta harrezkero udalekuen antolatzaileekin harremanetan jartzen saiatu badira ere, ez dute erantzunik jaso: "Guk, momentuz, ez dugu erantzunik jaso. Jakin dugu familia batzuk mezu elektronikoren bat jasotzen hasi direla, baina dirua bueltan jaso arte eta eurek egin dutenaren aurkako zerbait egin arte ez gara lasai geldituko", adierazi du Suarezek.

Momentuz ez dute salaketarik jarri. Bakioko udalarekin harremanetan daude eta familia guztiek talde bat sortzea erabaki dute. Egoerari irtenbide bat bilatzeko ikerketak egiten ere badihardute, eta salaketa jarri aurretik, enpresak erantzun bat emateko denbora-tarte bat uztea erabaki dute. Egoera, “sinesgaitza” dela dio Suarezek.

Euskal Herriko komunikabideetan egoeraren berri ematen ari dira gaur egun familiak, baina Suarezek dio egoera aldatu ezean, Espainia mailako komunikabideen ateak jotzen ere hasiko direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak