Edurne Artzelus itzultzaileak euskaratu du jatorriz Tony Struchek idatzitako Geniotipo liburua. 15.000 ale saldu eta zazpi hizkuntzatara itzuli ostean, liburuaren euskarazko itzulpena eskura dago martxotik. Hau azaldu du talentuaren aholkulari den Aitor Abaroak: "Garapen pertsonalaren eta ezagutzaren alor horretan ikusten genuen badagoela hutsune bat. Euskal Herrian bertan badauzkagu erreferenteak gai horiek lantzen dituztenak, baina badago joera komunikabideetan eta sare sozialetan gai horri buruz hitz egiten denean, gaztelaniara jotzekoa, pubiko gehiagorengana iristeko asmoz, esaterako. Eta uste izan dugu ondo egongo litzatekeela ahalegin bat egitea euskaraz horrelako euskarri batzuk edukitzeko".
Baina zer jasotzen du zehazki liburuak? "Liburu honek modu oso irakurterrazean eta ulerterrazean erakusten du geniotipoaren atzean dagoen zientzia hori. Nola pertsonok bederatzi gaitasun-sortzaile mota desberdin izan ahal ditugun, eta doa atalez atal azaltzen gaitasun horietako bakoitza zer den; zein joera dauzkan pertsonak, nola funtzionatzen duen pertsonak, arazoei aurre egiteko modu desberdinak zeintzuk diren…".
Abaroak gaineratu du, liburua irakurri ahalaz bat, bakoitza gaitasun zehatz batzuekin identifikatzen joaten dela, eta bukaerarako argi gelditzen dela bakoitzaren geniotipo edo gaitasun nagusia zein izan daitekeen, nahiz eta, azpimarratu duen, pertsona bakoitzak gaitasun bat baino gehiago dituela eta horrek guztiak definitzen duela bakoitzaren talentua.
Izana zentroa
Hain justu ere, lan horretan, bakoitzaren talentua bilatzen laguntzen dihardute Oñatiko Izana zentroan, test psikometrikoak egiten. Horrela azaldu du talentuaren aholkulari Egoitz Atxagak: "Zientifikoki balidatuta dagoen test psikometriko baten bitartez, ikusten dugu zeintzuk diren pertsona bakoitzaren gaitasun-sortzaile horiek, eta horrekin ikus genezake zein izan daitekeen zeure talentua. Izan ere, guk defendatzen dugu eta zabaldu nahi dugu, denok garela talentudunak, denok daukagula talentu bat, eta, horretaz kontziente izateko, autoezagutza dela bidea".
Atxagak gaineratu du orain arte 60.000 pertsona inguruk erabili dutela testa, talentua deskubritzeko. Eta eurek, iazko urrian zabaldu zutela Euskadi Etorbidean duten zentroa, eta dagoeneko 150 gazte eta familia ingururekin egin dutela lan. Alde batetik, gazteei aholkatzen diete zer ikas dezaketen, euren talentua kontutan hartuta, eta bestetik, 40-45 urte inguruko jendeak ere jotzen du eurengana, bizitzan bide berri bat ekin nahian. Oso pozik daude izaten dabilen harrerarekin: "Harrera oso ona eduki du. Ahoz ahokoa zabaltzen hasi da, jendea geroz eta gehiago ezagutzen dabil, eta guretzako pozgarria da, ez bereziki guri dagokigunagatik, baizik eta esan nahi duelako mezua zabaltzen dabilela, jendeak ezagutzen duela zer den talentuaren ideia berri hau eta pedagogia hori zabaltzen dabilelako".
Hitzaldiak ere bai
Hitzaldiak ere egin dituzte Soraluzen, Elgoibarren, Astigarragan edota Andoainen, eta orain datorren ikasturterako hitzaldi berriak lotzen dabiltza. Helburua da talentuaren pedagogia berria herritar geroz eta gehiagoren artean zabaltzea.