Oñatiko DBHko 50etik gora ikasle grabatu dituzte Badihardugu euskara elkarteko kideek, herriko esamoldeak esplikatzen. Txantxiku ikastolako, Institutuko eta Elkar Hezi ikastetxeko gaztetxoak herriko ondarea zabaltzeko egitasmoan parte hartzera animatu dira, bikoteka, herriko hainbat esamolde ezagutarazten laguntzeko.
Bikote bakoitzak esamolde bat edo bi aukeratu ditu, eta horien azalpenak eta adibideak eman dituzte. Horren helburua da herriko ahozko ondarea ezagutzea, balioan jartzea eta erabiltzea. Horretarako, bideo laburrak prestatuko dituzte esamoldeekin, sare sozialetan zabaltzeko.
Aurrera begirako asmoa da 365 esamolde aukeratzea, urteko egun bakoitzerako bat, eta horiek herrian zabaltzea. Besteak beste, Oñati irratiaren bidez. Urtero erabili daitekeen egutegia diseinatzea ere aurreikusten dute, herriko sukaldetan eta ikastetxeetan zintzilikatu eta erabili ahal izateko.
Karta-jokoa eta ikasmateriala ere bai
Oñatiko esamoldeen karta-jokoa plazaratu zuten martxoan, eta egun gutxitan agortu eta bigarren tirada bat egin da. Oñatiera lantzeko ikasmateriala ere prestatu zuten, eta dagoeneko ikastetxeetan erabiltzen ari dira. 30 fitxa dira, Oñatierako hitzak eta adierazpideak ikasteko aukera ematen dutenak.
Oñatiko Udalarekin, ikastetxeekin eta hainbat herritarrekin lankidetzan egindako proiektua da. Badihardugu elkarteak Eusko Jaurlaritzaren Ondare Sailaren babesa dauka ahozko ondarea jasotzeko eta lantzeko.