Irisgarritasuna, herri "inklusiboago" baterako

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko mai. 15a, 13:01

Udal Gobernuak aurten ekingo dio Foruen enparantzako berdeguneak, aisialdi gunea eta azoka ingurua berritzeko proiektuari eta bukaera emango dio San Lorentzoko irisgarritasun lan garrantzitsuenei, besteak beste. Aurrera begirakoak ere zehaztuta dituzte.

Udal Gobernuak irisgarritasun lanen gaineko informazioa eman du, orain artean egin dituztenak gogora ekarri, egun eskuan dituztenak jakinarazi eta aurrera begirakoak aurkezteko.

Izaro Elorza alkateak adierazi du EH Bildu Udal Gobernuan sartu zenean, 2011n, etorri zela "paradigma aldaketa edo kontzientziazioa". Eta berdinean jarraitzeko konpromisoa berretsi du, eurendako irisgarritasuna, "emaitza baino, bitartekoa" dela esanaz: "Herri inklusibo bat eraikitzea ezinbestekoa da pertsona guztiek, adina, gaitasuna edo egoera pertsonala edozein izanda ere, udalerriko espazioak berdintasunez eta autonomiaz erabiltzeko aukera izateko. Irisgarritasuna ez da soilik azpiegitura kontua; gizarte justuago eta kohesionatuago baten oinarria da".

Horretarako, "urrats sendoak" eman dituztela gaineratu eta askotariko lanen adibideak eman ditu: Errekalde auzoan eta Martzelino Zelaia kalean espaloia kota bakarrean jarri dute; Olakuan espaloia irisgarri egin dute; herrigunearekin lotura hobetu dute, Ugarkaldeko eta Olabarrietako bidegorriarekin eta Lezesarrirako oinezkoen bidearekin; eta segurtasuna hobetzeko lanak egin dituzte kiroldegia eta Txantxiku Ikastola artean eta Urgain kanpoaldean.

Aurten egitekoak

Hirigintza batzordeburu Iñigo Ruizek gaineratu du aurten ere "lan esanguratsuak" egitea aurreikusten dutela: "Aurten egin beharreko lanak egin ahal izateko irisgarritasun partidak handitu behar izan ditugu. Batez ere, daukagulako San Lorentzoko hamaikagarren fasea egiteko –Larraña pareko zonaldea, ermitatik hasi eta goraino doan zatia–, baina horrez gain, Mendiko Kaleri ere ekingo diogu". Foruen enparantzako berdeguneak, aisialdi gunea eta azokaren ingurua berritzeko proiektua ere aurten hasiko dute; eta baita hauek ere: Usakoko lehen fasea; Olaitturrin, tamaina handiko ibilgailuak sartzeko arrapala egingo da, herriko kultura programazioa bertara hedatzeko asmoarekin; eta 8-14 urtekoendako elkargune izateko egokituko den Parke Gorriaren proiektuan ere irisgarritasun arauak kontuan izan dituztela azpimarratu dute.

Aurrera begirakoak

Ruizek gaineratu du, datozen 10 urteetan –2025-2035 epealdian– gauzatzeko haina fase eta proiektu dituela Udal Gobernuak eskuartean. Batzuk aipatzearren: Olakua –fase berria, auzoko lanak amaitzeko–, San Lorentzo –fase berria, auzoko lanak amaitzeko–, Kale Zaharreko planaren barruan –Kale Zaharra, Lizaur kalea, Aita Madina kalea, Otadui Zuhaiztia eta Kasablanka– eta Berezao –irisgarritasun lanekin jarraitzeko–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak