Oñatiko Udal Gobernuak adierazi du, EAJk "beste behin, zuzena ez den informazioa edo erdizka emandakoa" zabaldu duela asteon, landa-auzoetan egiteko proposamenak egiterakoan.
Baso-egurrak
Udal Gobernutik azaldu bete, besteak beste, EAJk azaldu duela Oñatiko herritarrek herri-basoetako baliabide naturalen aprobetxamenduaz baliatu ahal izan dutela, basoen kudeaketan sortutako egur-soberakinak bilduz, baina gaur egun "ezinezkoa" dela.
Udal Gobernuak baieztapen hori gezurtatu du: "Ez dugu urrunegi egin behar hori gezurtatzeko. Duela bi aste ekin genion herri jabetzako zenbait baso kudeatzeari –Torretxebarri, Aldailuze, Iraban…–. Gaur-gaurkoz, martxan dira baso-lan horiek; eta bertako su-egurra herritarren esku uztea izan da asmoa, hasiera hasieratik. Horixe bera jakinarazi genien EAJko kideei apirileko Landa Garapen eta Ingurumen batzordeetan. Beraz, egitea ezinezko dela dioten hori, egiten ari gara, eta jakinaren gainean daude".
Aitzgaingo kanala
EAJk Aitzgaingo kanala konpontzeko eskaera egin du, baina Udal Gobernuak argitu nahi izan du, "oposizioak ondo dakien bezala", Oñatiko Ur Jauziak-ena dela Aitzgaingo kanala –eta, ez, Udalarena–, eta, beraz, Oñatiko Ur Jauziak-i dagokiola hari loturiko erabakiak hartzea.
Gainera, zehaztu du Goilarre programaren baitan, kanalean ura falta denean, bete egiten direla zonaldean ganaduarentzat dauden askak. Udal Gobernutik azaldu dute 2022tik, ur falta dagoen sasoitan, Udalak ura eramaten duela bertara, eta, hortaz, "larreratzeak ez duela etenik izan ur gabeziagatik". Gaineratu dute, Landa Garapen batzordean EAJri azaldu zitzaiola hori.
Eta EAJk zenbait baserritan ur edangarria bermatzeko egindako eskaeraz ere jardun da Udal Gobernua: "Batzordean, soilik Zubillaga auzoa aipatu zuen EAJk. Jakinarazi genion beste hainbat auzoetan ere badaudela Urkuluko ur edangarriaren sistematik kanpo dauden baserriak, eta, Arantzazun egin moduan, Udala badabilela horri irtenbide iraunkor bat emateko lanean. Beraz, jakin badaki lanean ari garela horri irtenbidea emateko".
Herribusaren linea
Herribusaren linea Garibaiko Argiñena eta Zañartuko Largokua baserrietaraino zabaltzea eskatu du EAJk. Horri lotuta, Udal Gobernuak azaldu du saiakera egina duela, baina Herribus zerbitzua eskaintzen duen Avanza enpresak ezezkoa emana diola, "argudiatuz horrek eragina izan dezakeela Herribusaren maiztasunean, eta, beraz, zerbitzuan".
Gogorarazi dute gainera, Udalak Auzotaxi zerbitzua duela martxan landa auzoen eta herrigunearen arteko lotura zein desplazamenduak bermatzeko.
Udal Gobernua, kezkatuta
Udal Gobernuak kezka azaldu du oposizioaren oharragatik eta proposamenak helarazteko erabilitako bidearengatik, eta, azaldu du, "benetan eraikitzailea den oposizio lan bat egin gura bada, Udalean badirela erabil daitezkeen eta eskura dauden erabakitze eta eztabaidatze espazioak".
Era berean, elkarlanerako borondatea berretsi du, "azken urtetan oposizioak behin eta berriz erabili izan duen estrategia, oraingoa bezala, kontrako noranzkoan doan arren". Beste hau ere gaineratu dute: "Ez dugu ulertzen egindako hainbat eskaeren inguruko informazioa esku artean izanda, zuzena ez den informazioa edo erdizkako informazioa emateko estrategia. EAJk badu informazioa. Azalpenak eman dizkiogu batzordetan, eta zenbait argipen ere egin dizkiogu, baina oharra idaztean ez ditu kontuan izan, zuzena ez den informazioa zuzentzeko ere ez".