Udalerriko landa-auzotan dauden bizilagunen bizi-kalitateari "larriki" eragiten dioten "zenbait gabezia" identifikatu ditu Oñatiko EAJko udal-taldeak. Prentsa ohar bidez adierazi dute, herritarrek "zuzenean talde jeltzaleari helarazitako hainbat eta hainbat ekarpeneni esker" landu dituztela eskaerak. Gaineratu dute "azpiegituren narriadura, edateko uraren eskuragarritasunik eza eta garraio publiko eskasa bezalako arazoek" oraindik ez dutela "konponbide eraginkorrik" jasotzen, gobernu-taldearen partetik.
Udalari "oinarrizko" behar horiek lehenesteko eskatu diote eta Amaia Erostarbek, udal talde jeltzalearen bozeramaileak, hauxe adierazi du: "Landa-auzoetako bizilagunek ere zerbitzu publiko duinak izateko eskubidea dute. Gai horiei premiaz erantzutea nahi dugu, eta irtenbideak bilatzeko gure lankidetza eskaintzen dugu", adierazi du .
Mendi publikoetako egurra
EAJtik adierazi dute, "energia geroz eta garestiagoa den garai honetan", "Oñatik, bere basoetan biomasa energia duela altxor", eta hau gaineratu du Erostarbek: "Oñatiko Udalak udal-baso zabalak ditu, eta, beraz, publikoak. Kudeatzen den bitartean, zurezko soberakinak sortzen dira. Hau da, 0 km-ko biomasa, Oñatiko edozein herritarrentzat irisgarria izan beharko lukeena". Gogora ekarri dute urte batzuetan, Oñatiko herritarrek herri-basoetako baliabide natural horien aprobetxamenduaz baliatu ahal izan dutela, basoen kudeaketan sortutako egur-soberakinak bilduz. Baina, gaur egun, ordea, ezinezkoa dela esan dute: "EH Bilduko gobernu taldeak praktika hori kendu zuen duela urte batzuk udalerriko zati handi batean, eta sarbidea Arantzazuko biztanleei soilik mugatu zien. EAJ-PNV Oñatiren ustez, baliabide hau –0 km-koa– modu orekatuan banatzea bermatu beharko litzateke".
Araotzeko azpiegitura hidrikoak
Aitzgaingo ubidea UR-JAUZIAK S.A.-ren azpiegiturakoa da, eta EAJtik adierazi dute "ur-galera handiak" dituela "mantentze-lanen faltagatik". Hau esan du Erostarbek: "Martxan zegoen bitartean, kanal horrek bi funtzio zituen: alde batetik, Aitzgaingo depositua betetzea elektrizitatea sortzeko; bestetik, gaur egun desagertuta dagoen aziendari ura ematea, udan, eta bide batez, Aintzgaingo larreak iraunkorrak izatea ahalbidetzea". Jeltzaleek Aitzgaingo kanala konpontzeko eta bi funtzioak berreskuratzeko eskatu dute. Diote, Arantzazun bezala, Araotzen ere ez dela hondakin-uren kanalizazioa konpondu, eta "arazo horrek ingurumen- eta osasun-arriskua" dakarrela inguruko biztanleendako.
Zubillaga: edateko ura eskuratzeko aukera bermatzea
Jeltzaleek azpimarratu dute, 2025. urtean, Oñatin, hainbat landa-auzo daudela, edateko urik ez duten baserriekin: "Adibidez, Zubillagan, herrigunean ez dauden baserrietan, badira edateko urik ez duten baserriak eta familiak: Erguina –Matromai, Matromai Etxebarri, Erguina Etxeberri, Erguina Zaharra–, Elorregi –Elorregi Aumategi, Errota, Elorregi Haundi baserriak– eta Askazubi –Kortazar, Alkorta eta Askazubi baserriak–". Beste adibide bat Urrexola landa-auzoa dela gaineratu dute: "Baltzola, Beiti, Urrexolako Errota, Bainuetxea... ez dute edateko urik. Horiek guztiak iturri propioekin hornitu behar dira, edateko txarra den urarekin. Arantzazun, aurreko legegintzaldian egoera hori konpontzea lortu zen, baina Zubillagan oraindik ez da aintzat hartu, hain oinarrizko baliabide bat bermatzeko premia dagoen arren".
Zañartun garraio publikoaren hobekuntza
Herribusen zerbitzuak, gaur egun, Kasablanka auzoko Moyua beilatokian amaitzen dira, "Garibai eta Zañartuko egoiliarrak, adibidez, kanpoan utziz", esan dute EAJtik. Eta proposatzen dute linea Garibaiko Argiñena baserriraino eta Zañartuko Largokua baserriraino zabaltzea. "Hobekuntza erraza da, eta auzokide gehiagori egingo lieke mesede, kostu gehigarri handirik eragin gabe", diote.
Amaitzeko, hau adierazi du EAJko bozeramaileak: "Ezin dugu onartu auzokide horiek ahanzturan jarraitzea. Udalari, udalerri osoan kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko, arduraz eta konpromisoz joka dezala eskatzen diogu. EAJ-PNV prest dago laguntzeko eta elkarlanean aritzeko oñatiarrekin eta Udalarekin ekintza hauek bultzatzeko eta udalerria eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko".