Ikastetxeen inguruneetan eta nerabeen ikuspegitik garrantzitsuak diren herriko gainerako guneetan airearen kalitatea ezagutzea helburu duen azterlana jarri du martxan Oñatiko Udaleko Hezkuntza sailak eta ikastetxeek eurek elkarlanean garatutako Bagabiltz-Eskolako Bidea proiektuak
Ikerketak, trafikoarekin eta desplazatzeko moduarekin lotuta dagoen eta osasun ikuspegitik gas kutsatzaile nagusienetakoa den nitrogeno dioxidoaren mailak aztertzen ditu. Horretarako herritarren zientziako metodoa ari dira erabiltzen. Hala, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6 mailako ikasle eta irakasleek gaiaren inguruan Udalak prestatutako material didaktikoak landu dituzte. Horretaz gain, nitrogeno dioxido neurgailuak, dosimetro izenekoak, jarri diren lekuak hautatzen ere lagundu dute; baita neurgailu horietako batzuk jartzen eta jasotzen ere.
Ikastetxeen inguruan eta haurren ikuspegitik garrantzitsuak diren lekuetan jarri dira neurgailuak, besteak beste, plazetan eta jolasteko eta harremantzeko tokietan. Guztira 25 puntutan jarri dituzte eta horietan lortutako laginak Erresuma Batuko laborategi homologatu baten aztertuko dituzte. 2024-2025 ikasturte amaieran ezagutuko dira emaitzak.