Megalitoak: eremu sakratuak eta lurralde erreferenteak erakusketa Arantzazuko parketxean dago ikusgai martxoaren 29az geroztik, Ataungo Barandiaran Museoan eta Zegamako Anduetza parketxean egon ondoren, eta azken txanpan sartu da, domekara arte egongo baita irekita. Antolatzaileen hitzetan, arkeologia eta antropologia gaietan adituak edo zaleak direnak hurbildu izan dira erakusketara, baina baita ingurua ezagutzearen aitzakian parketxera gerturatu direnak ere. "Oso harrera ona izan duela esan dezakegu; oso gustura gaude. Tartean harrapatu du Aste Santua ere, eta azken egun hauetan mugimendu handia izan dugu", adierazi du Larraitz Gerenabarrenak, Arantzazuko parketxeko arduradunak.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologia Museoak sustatu, koordinatu eta ekoiztu du erakusketa, eta Juan Carlos Quintanak, Jose Antonio Mujikak eta Javier Fernandezek komisariatu eta dokumentatu dute, Hego Euskal Herriko megalitoen mila monumentu baino gehiago bilduta. "Erakusketak megalitoen garaia jorratzen du, duela zazpi mila-bat urtetik egungo aroaren aurreko milurteko azken urteetara arteko aldia-edo. Menhirrak, trikuharriak eta tumuluak ikusi daitezke, horrelako hainbat eta hainbat monumenturen irudiak, nolabaiteko kokapena eta zertarako erabiltzen ziren".
Goizez irekita
Hego Euskal Herriko megalitoei buruz gehiago jakin nahi duenak, horrenbestez, badu oraindik horretarako aukera, Arantzazuko parketxera joanda, 10:00etatik 14:30era arte izango baita zabalik domekara arte. Hala ere, joaterik ez duenak, gerora ere ikus dezake erakusketa, Iturraran parketxean, Pagoetako parke naturalean, izango baita maiatzaren 8tik ekainaren 30era.