Euskaraldia 2025

1.000 izen-emateen langa gaindituta, Euskaraldian parte hartzera dei egin dute Oñatin

Txomin Madina Milikua 2025ko api. 8a, 19:50

Oñatiko Euskaraldiko batzordeko hainbat kidek agerraldia egin dute ekimenaren laugarren edizioan nola parte hartu gogoratzeko, baita Euskaraldiaren bueltan antolatu dituzten ekintzen berri emateko ere. Oñatik Euskaraldia Hikan parte hartuko duenez, toka eta batez ere noka sustatzeko izango dira horietako hainbat.

Martxoaren 15ean Euskaraldiaren laugarren edizioan parte hartzeko izen-emate epea zabaldu zenetik 1.000tik gora dira horretara animatu diren oñatiarrak. Herrikide gehiago batu eta kopurua handitu guran, baina, agerraldia egin dute gaur Oñatiko Euskaraldiko batzordeko hainbat kidek herrikideak parte hartzera animatzeko. "Euskaraldi indarstua behar dugu euskararen erabilera areagotzeko; hizkuntza in¡ohiturak eta inertziak aldatzeko; ahobiziak aktibatzeko eta belarriprestak animatzeko", azaldu du Oñatiko Udaleko Euskara teknikari Xabier Zabaletak.

Izena emateko moduak

Maiatzaren 14ra arte egongo da Euskaraldian izena emateko aukera eta Oñatiko Euskaraldiko dinamizatzaile Julen Agirrek horretarako dauden bi moduak gogorarazi ditu: "Bideetako bat online egitea da, euskaraldia.eus atarian. Hor galdetegi sinple bat bakarrik bete behar da, eta ahobizi edo belarriprest papera egingo den aukeratu. Horretaz gain, izena emateko paperak eskuragarri egongo dira Zubikoa kiroldegian, kultura etxean, Pake lekuko tabernan edo Eltziako Lagun leku elkartean".

Entitateak ere animatu dituzte Euskaraldiari atxikimendua ematera Agirrek esan moduan: "Ez dute zertan leku fisiko konkretu bat izan behar, komertzioez gain, adibidez elkarte gastronomikoek, kultura arloko taldeek edo musika taldeek ere eman dezaketelako izena. Hori egiten dutenean pegatina identifikagarri bat emango zaie eta bost euroren truke, baita Euskaraldiko banderatxo bat ere". Batzordeko kideekin harremanetan jarrita eman dezakete izena entitateek.

Ahobizi eta belarriprest moduan identifikatzeko erabiliko diren txapei dagokienez, maiatzeko lehengo hamabostaldian hasiko dira banatzen. Hainbat puntu mugikor jarriko dituzte horretarako eta Kalebarria kaleko 45. zenbakidun erakinean ere toki finko bat atonduko dut, 17:00etatik 20:00etara zabalik egongo dena.

Oñati, Euskaraldia Hikan

Aurtengo Euskaraldiaren berrikuntzetako bat da 83 herritan, tartean Oñatin, Euskaraldia Hika ere egingo dutela hitanoa sustatzeko. "Oñati arnasgunea izanda eta askok egunerokoan euskara erabilita, norbaitek pentsatu dezake ea ze behar duen txapa jartzeko. Euskaraldia Hikak aitzakia emango du Euskaraldian parte hartu eta gure hizkera biziberritzen laguntzeko", azaldu du ekimeneko batzordekide eta Ingo Xonau! taldeko kide den Idoia Etxeberriak.

Hala, oñatiarrei, Euskaraldian izena ematean, Euskaraldia Hikan parte hartu nahi duten ere galdetuko zaie. Baiezkoa erantzunez gero, jasoko duten txapan h hizkia izango duen pegatina bat jarriko zaie. "Horrek esan nahi du txapa daramanak adierazten duela berak erabili ez arren ere, berarekin hika hitz egin daitekeela", azpimarratu du Etxeberriak. Gaineratu Oñatin toka, gizonei egiten zaien hika, erabiltzen den arren noka, emakumeei egiten zaien hika, baztertua izan dela eta azken hori sustatu gura dutela.  

Egitaraua

Gaurko agerraldian, Euskaraldiaren bueltan oraingoz landu duten egitaraua ere aurkeztu dute. Ekintza gehienak maiatzaren 15etik 25era izango dira baina aurretik ere badira hainbat hitzordu; tartean, hurrengo zapatuan egingo dituzten Mintzodromoa eta Hikadromoa. Egitarau osoa, behean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak