9 milioi euroko itxiera eman dio Udalak 2024ko aurrekontuen likidazioari

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko mar. 28a, 12:01

Atzo egin zuten martxoko osoko bilkuran eman zuten 2024ko aurrekontuen likidazioaren berri: 9 milioi euroko itxiera eman dio Udalak 2024ko aurrekontuen likidazioari. 9 milioi horietatik 6 milioi pasa aurreko urtetik datozen proiektuetara bideratuko dituzte, aurtengo proiektuetara ere bideratuko dute zati bat, mailegua ordaintzeko ere erabiliko dute beste bat eta gerakinetarako ere gordeko dute parte bat. EAJ abstenitu egin zen "exekuzio eskasa" eta "planifikazio falta" argudiatuta.

2024ko aurrekontuaren likidazioaren berri eman zuten atzo Oñatin egin zuten martxoko osoko bilkuran. 9 milioi euroko itxiera eman dio Udalak 2024ko aurrekontuen likidazioari. 9 milioi horietatik 6 milioi pasa aurreko urtetik datozen proiektuetara bideratuko dituzte eta 2,2 milioi euro pasa Next Generation-ekin lotuta daude.

Udaleko Ogasuneko batzordeburu Xabier Igartuak adierazi zuen dagoeneko 6 milioi horietara bideratuta dauden proiektuen %76a martxo bukaerarako gauzatuta daudela, herrian ikusiko diren obretan egiten dabiltzala ikusi ahal izango dela edo lizitazio fasean daudela: "Proiektuen %76a esango genuke aurreratuta daukagula eta besteak dira partida batzuk gehitu ditugunak aurtengo proiektuetara. Hor irisgarritasun lanentzat 400.000 euro gehiagoko dotazio bat jarri dugu, euskaltegiko eraberritze bat ere badator 200.000 euro gehiagorekin, eta erabaki duguna da urtero egiten dugun bezala, maileguaren ordainketa urtebete aurreratzea". Beraz, kiroldegia egin zeneko mailegu hori ordaintzeko ia beste 800.000 euro bideratuko dituzte. 

Azkenik, 2,4 milioi inguruko gerakina geldituko litzateke eta hori erreserbatuta utzi dute Urrutxun zigilatu gabe gelditu zen eta zigilatu beharra dagoen gunerako.

EAJ-koak abstenitu egin ziren

EAJ-ko zinegotziak abstenitu egin ziren. Amaia Erostarbe bozeramaileak adierazi zuten 2024ko likidazioak berresten duela "exekuzio eskasa eta eragiten duela 2025erako onartutako aurrekontua "guztiz desitxuratzea": "Gu abstenitu egin gara ez zaigulako prozedura egokia pentsatzen era errekurrentean partidak sartu eta sartu ibiltzea, publizitatzea aurrekontua urtarrilean kopuru batekin, eta gero oraingoa ez esatea. Jokatzeko modu hori edo gobernatzeko era, eskasa iruditzen zaigu, planifikazio falta dutela eta exekuzio oso eskasa dutela".

Oraindik egin gabe dauden proiektu hauek nabarmendu zituen Erostarbek: "Oso adierazgarriak eta deigarriak dira herritarrek 2023ko aurrekontu parte-hartzailetan aukeratu zituzten proiektuak oraindik egin gabe daudela; plaza inguruko kioskoa eta frontoi inguruko konponketa batzuk egitea, 8-14 urte artekoendako jolas-parkeak berariazkoak egitea eta kiroldegi aurreko jolas-lekuari txapela eta iturria jartzea, esaterako”.

Igartuak erantzun zion esanaz bizpahiru hilabeteko atzerapenak horrelako lanetan gertatzen direla eta proiektu horiek bideratuta daudela: "Plazako proiektua onartuta dago lizitaziora ateratzeko eta Etxaluzeko parkearen proiektua ere hor dago eta oinarriak prest daude lizitaziora ateratzeko".

Igartuak gaineratu zuen 2025an egingo direla 2024an baino proiektu "gehiago", baina ez "aurten lan gehiago egingo dutelako, iaz barruko lan asko" egin zutelako eta horiek aurten ikusi ahalko direlako eginda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak