Berritze lanetan ari dira Oñatiko Eltzia eraikinean

Goiatz Arana Begiristain 2025ko mar. 26a, 15:51

Berritze lanetan ari dira Oñatiko Eltzia eraikinean: bigarren igogailu bat jarriko dute –Musika Eltziarako sarreran badago bat eta taberna aldetik dagoen sarrera nagusian joango da berria–, areto nagusiaren ondoan bi komun berri egingo dituzte –horietako bat irisgarria– eta biltegian aireztapen sistema instalatuko dute bertan zeuden hezetasun arazoak konpontzeko. Duela bi aste ekin zieten lanei eta aurreikuspena da urri amaierarako bukatuta izatea. Aurrekontua 198.000 eurokoa da.

Igogailu berriak areto nagusiaren erabilera areagotzea ahalbidetuko duela adierazi du Udaleko Partaidetza eta Garapen Komunitarioko zinegotzi Anik Zubizarretak: "Aula Magna erabiltzen zutenek igogailua behar izanez gero, egin behar zuten beste puntara joan, eraikin dena gurutzatu, eta, gainera, beste espazio batzuetatik pasatu behar ziren; beraz, batez ere, ideia delako espazio hori gero eta gehiago erabiltzea".

Eta horrekin batera, gaur egunera arte Foru Aldundiko Informatika Zerbitzuetakoek erabiltzen zuten eta orain Eltziarena izatera pasa den bigarren solairuko espaziora heltzeko sarbide irisgarria bermatuko du: "Espazio horretara iristeko, bigarren solairu horretara, ez zegoen biderik beste igogailutik ere, tartean gurutzatu ezin zitekeen espazio bat zegoelako". Lanei esker, taberna aldeko eraikin zatia guztiz erabilgarri eta herriari zabalik egongo da, beraz.

Orain arteko balorazioa, "positiboa"

Duela 10 urte ekin zioten Eltzian gaur egungo moduan funtzionatzeari eta Udalaren balorazioa positiboa da: "Uste dut bete duela hasieran zuen helburuetako bat, herriarendako komunitatea sortzeko eta indartzeko gune bat izatea".

Talde asko eta askotarikoak daude: 25 dira guztira, kultura nahiz gizarte arlokoak, eta tartean auzokoak, horixe da, esaterako, Olakua, San Lorentzo eta Ugarkaldeko Lagun Leku jubilatu elkartearen kasua.

Aspaldidanik eltziakide den eta gaur egun bertako komunikazioan dabilen Danel Teranek 2015ean indartsu hasi zirela dio, 20an beherakada bat izan zela, pandemiaren eraginez seguruenik, eta orain berriz ere gorako bidean daudela: "Ematen du beste indartze bat badatorrela, eta mugimendua badatorrela, baina poliki-poliki"

Bakoitzak bere espazioa dauka eta nor bere erara antolatzen da, baina komunitatean eta elkarlanean hainbat ekintza ere antolatzen dituzte, Sara Arregi dinamizatzailearen laguntzarekin. Tailerrak dira aurtengo nobedadea, eltzekideen interesetatik abiatuta sortutakoak eta herriari zabalik daudenak. Martxoan abiatu zuten lehenengoa eta apiriletik ekainera beste hainbat egingo dituzte. "Adibidez, apirilean edukiko dugu sormen tailer bat modu komunitario bat zela sortu ikasteko, eta maiatzean, esaterako, argazkiak errebelatzeko tailerra, Ilunpetan taldearekin elkarlanean", erantsi du Teranek.

Ekainaren 14an, bestalde, Eltzia Eguna izango da, eta hori antolatzen ere ari dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak