EAJk Debagoieneko garraio publikoa hobetzeko plana aurkeztu du, gaur, Oñatin. Agerraldian parte hartu dute Marijo Etxegoien GBBko burukideak, Elena Lete Legebiltzarkideak, eta eskualdeko herrietako ordezkaritza zabalak: Amaia Erostarbe (Oñati), Ander Garay (Arrasate), Josu Aranguren (Antzuola), Josu Ezkurdia (Eskoriatza), Iker Laka (Elgeta), Mikel Lete (Bergara) eta Mikel Uribetxebarria (Aretxabaleta).
Planaren helburua eskualdeko mugikortasuna hobetzea da, garraioa eraginkorragoa, irisgarriagoa eta jasangarriagoa izan dadin udalerri guztientzat. Gainera, Gipuzkoako hiri nagusiekiko lotura hobetu nahi dute, eta Debagoienaren erdigune geografikoa kontuan hartuta, Arabarekiko eta Bizkaiarekiko loturak hobetu.
Hirietara lotura hobetzeko
Debagoieneko garraio-sistemak arazo ugari ditu, hala nola asteburuetan zerbitzurik ez izatea, egoera txarrean dauden autobus-geltokiak eta udalerrien arteko distantzia luzeak. Gainera, Debagoiena da trenbide-konexiorik gabeko Gipuzkoako eskualde bakarra, eta horrek errepide bidezko garraioaren menpe egotera behartzen du. "Ezinbestekoa da berehalako neurriak hartzea garraio-sistemaren gabeziak konpontzeko. Debagoieneko herritarrek zerbitzu publiko irisgarria, puntuala eta eraginkorra merezi dute", adierazi du Marijo Etxegoien Gipuzkoako Buru Batzarreko burukideak. "EAJtik proposamen zehatz eta errealista bat landu dugu, autobus-lineak hobetzeko, geltokiak modernizatzeko eta gure udalerriak hiri handiekin hobeto lotuko dituzten ibilbide berriak sortzeko".
Autobusen lineen berrantolaketa eta proposamen berriak
EAJk biztanleen beharrak betetzeko autobus zerbitzuen berrantolaketa osoa diseinatu du. Proposamen garrantzitsuen artean, hauek daude:
- Linea berriak sortzea: Proposamenak DG05A linea bitan banatzea aurreikusten du, hau da, Oñati, Aretxabaleta eta Eskoriatza zuzenean lotuko dituen linea bat sortzea, zerbitzu eraginkorragoa eta saturaziorik gabea bermatzeko. Gainera, DG05E linea sortzea planteatzen da, Gasteiz, Ermua, Eibar eta Bergara konektatu; eta Arabako hiriburuaren arteko komunikazioa hobetuko lukeena.
- Asteburuko zerbitzuak hobetzea: Gaur egun, ez dago Gasteizerako zuzeneko zerbitzurik asteburuetan, eta, beraz, herritarrek ibilbide luzeak egin behar dituzte. Larunbat eta jaiegunetan ibilbide hori beteko duen autobus linea bat sortzea proposatzen du talde jeltzaleak, lotura azkarrago eta errazagoa bermatuz.
- Udalerrien arteko konektibitatea indartzea: Barne-lineetan doikuntzak egitea proposatzen da, Debagoieneko herrien arteko loturak errazteko. Halaber, maiztasunak hobetzeko, eta egun zuzeneko zerbitzurik ez duten udalerrietara ibilbideak zabaltzea proposatzen da.
Proposamen espezifikoak Debagoieneko udalerrientzat
Proposamen orokorrez gain, EAJk Debagoieneko udalerri desberdinen konektibitatea hobetzeko ekimen espezifikoak landu ditu:
- Antzuola: Antzuolaren kasuan, DG03 linea Beasain eta Arrasateraino zabaltzea proposatzen da, udalerri horien arteko lotura hobetzeko eta garraio publikorako sarbidea errazteko.
- Arrasateko ospitalearekiko loturak hobetzea: gaur egun Antzuola eta Elgeta dira ospitalearekin lotura zuzenik ez duten udalerri bakarrak. Horregatik, proposatzen da DG10 lineak, maiztasun-gehikuntzarekin, gutxienez orduro Elgetan hasi eta amaitzea, ospitalearekin eta eskualdeko nukleo nagusiekin duen lotura bermatuz. Areago, asteburuetan, luzapen hori bi ordutik behin egin liteke. Ondorioz, DG20E linea kentzea proposatzen da. DG03 linea zabaltzen ez bada, DG10 linearen irteerak eta iritsierak Antzuola eta Elgeta artean tartekatzea iradokitzen da, 30-40 minuturo. Bestalde, aldez aurretik proposatutako DG05D linea berrituta, Leintz Gatzagak maiztasun eta etengabeko konexio handiagoa izango luke Arrasaterekin, ospitalearekin eta Gasteizekin.
- Gasteizerako lineak indartzea: Gasteizekiko loturei dagokienez, EAJk asteburuetan zerbitzuak hobetzeko beharra azpimarratu du. Autobus-linea berri bat sortzea proposatzen da, larunbatetan eta jaiegunetan.
- Tokiko lineen maiztasuna handitzea: DG10 linearen, Bergara eta Eskoriatza lotzen dituenaren, maiztasuna handitzea proposatzen da, astean 30 minututik 15-20 minutura eta asteburuetan 60 minututik 30-40 minutura. Ordea, DG11 linean, Eibar-Arrasate lotzen dituenean, autobusak geldialdiak geraleku nagusienetan egitea proposatzen da. Hain zuzen ere, horrek zerbitzu eraginkorragoa bermatuko luke udalerri txikien eta inguruko hiriguneen artean.
Azpiegituren modernizazioa eta erabiltzaileen esperientzia hobetzea
EAJk autobus-geltokiak modernizatzea ere proposatzen du, mugikortasun urriko pertsonentzat irisgarriagoak eginez, eta jasangarriagoak eguzki-panelekin eta LED argiztapenarekin. Gainera, ordainketa-sistema eta informazioa denbora errealean hobetuko lirateke, zerbitzuaren erabilera erraztuz.
Era berean, herrigune nagusietako eta eskari handiena duten geltokietan komun publikoak jartzea planteatzen da. Izan ere, erabiltzaileek eskatzen dute komunaren eta geltokiaren arteko hurbiltasunak nabarmen hobetu dezala garraioaren esperientzia.
Erakunde arteko negoziazioa eta lankidetza
Jeltzaleek azpimarratu dute garraio publikoa hobetzeko beharrezkoa dela eskumena duten erakundeekin lankidetza aktiboa izatea. Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin negoziatuta, EAJk proposamen horiek ekintza plan zehatzean gauzatzen direla ziurtatu nahi du.
Aurkeztutako proposamenek, Debagoienako biztanleen bizi kalitatea hobetzeko estrategia integrala osatzen dute, mugikortasun eraginkorrago eta jasangarriago bat bermatuz. Proposamen hauek eskualdea konektatuagoa, irisgarriagoa eta jasangarriagoa bihurtzea bilatzen dute, eta etorkizunean bizitzeko eta lan egiteko leku ona izaten jarraitzea bermatuko dute.
Lurraldeko bus garraioaren eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena –EAJ eta PSE-EE daude gobernuan– da, hain justu ere, sozialistek kudeatzen duten Mugikortasun departamentuarena.