Puntua aldizkariaren 443. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Suhiltzaileen Zerbitzua 1983ko otsailaren 28an sortu zuten. Foru zerbitzua sortu aurretik, Gipuzkoan suteak itzaltzeko jarduera, batez ere, Donostiako Udaleko suhiltzaileen –1867an sortutakoa– eta Irungo Udaleko suhiltzaileen kidegoaren –1859koa– inguruan egituratzen zen. "Zerbitzua sortu aurreko urteetan hainbat ikerketa eta proiektu egin ziren, probintziako suhiltzaile profesionalen zerbitzu bat egituratzen eta finkatzen ahalegintzeko. Ikerketa haiek zerbitzuak izan behar zituen oinarrizko alderdi batzuk definitzeko eta artikulatzeko balio izan zuten, eta gaur egun eredu den zerbitzuaren garapen oinarriak jarri zituzten", esan du Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatu Irune Berasaluzek.
ZUBILLAGAKOA IZAN ZEN SUHILTZAILEA PROFESIONALEZ OSATUTAKO LEHEN PARKEA
Zerbitzuaren eredua zehaztu eta onartu ondoren, 1985ean zehar izan zen Oñatiko Zubillagako suhiltzaile-etxea osatzeko balioko zuten suhiltzaile profesionalen lanpostua betetzeko lehen hautaketa-prozesua. Oposizio haietara aurkeztu zen Oñatin bizi den Imanol Illarramendi. Guztira, hemezortzi pertsona aukeratu zituzten lehen promozio hartan. "Han batu ginen, gerora, lagunak izango ginen hemezortzi pertsona. Ezezagunak guztiak, baina lan egiteko gogoarekin. Bizitza osoa eman dut Zubillagan, beste askoren moduan. Hori bai, gogoan dut lehen promozioko kide batek segituan utzi zuela parkea eta suhiltzaile-lana", gogorarazi du Illarramendik.
Hala, 1986an hasi zen zerbitzua ematen Zubillagako suhiltzaile- etxea, Gipuzkoako lehena. Beraz, 40 urte, lau hamarkada, beteko ditu 2026an. Ostean etorri ziren beste zazpiak: Irungoa 1988an; Ordiziakoa, Zarauzkoa eta Tolosakoa 1993an; Eibarkoa 1998an; eta Azpeitikoa 2001ean.
24 orduko guardiak
Zubillagako suhiltzaile-etxean zeuden hemezortzi suhiltzaileak bost taldetan banatzen ziren: lau pertsonako hiru talde eta hiru pertsonako bi. Esku-hartzeren bat zegoen bakoitzean, taldeko kide bat telefonoari itsatsita geratzen zen, aginduak jasotzen, eta beste kideak –taldeak zuen kide kopuruaren arabera– kamioiarekin irteten ziren. Hasieran, hiru txandatan egiten zuten lan, astelehenetik egubakoitzera, eta 24 orduko jardunak asteburuetan. Gerora etorri zen 24 orduko guardiak egun guztietara zabaltzearena. "Dozena bat urte badira 24 orduko jardunak egiten dituguna. 14:00etan sartzen gara lanera, hurrengo eguneko 14:00ak arte. Ostean, bi egun edukitzen ditugu jai. 24 ordu jarraian lan egiteak bere alde onak eta txarrak ditu. Nekagarria da, beste edozein lan bezala, baina, jakinda ostera bi egun jai ditugula, beste modu batera egiten dugu lan. Mentalki, fisikoki eta antolaketarako askoz erosoagoa da", azpimarratu du Zubillagako parke-buru Mikel Larrañagak.
Sarean egiten dute lan
Suhiltzaile-etxe batean erantzukizun-maila askotariko langileak daude. Parke-burua da arduradun nagusia, eta haren azpitik daude talde-burua eta suhiltzaileak. Haiek osatzen dute lantaldea, eta euren artean antolatzen dute 24 orduko jarduna. "Esku-hartzerik izango ez bagenu bezala antolatzen dugu eguna: ibilgailuak eta materiala egoki dauden begiratu, mantentze-lanak, simulazioak, entrenamendua... Hori bai, sirenak jotzen duen momentuan, dena utzi eta gertakariaren lekura joaten gara", dio Zubillagako parke-buru Joseba Elduaienek. Era berean, egunero egiten dute online bidezko batzarra Gipuzkoako parke guztietako arduradunek, egoera zein den ikusteko. "Zortzi parke gara, baina sarean egiten dugu lan. Ezbeharraren tamainaren arabera, batzuetan, beste parke batzuetako lankideek parte hartu behar izaten dute. Adibidez, Debagoienean esku-hartze larriren bat badago, Legazpiko suhiltzaileak etortzen dira gu laguntzera, eta beste kamioi bat behar badugu, Eibarkoa. Adibidez, etxeko suteetara bi talde joaten dira, beti", diote.
Bi minututan irteteko prest
Bai Esan komunikazio-zentroak abisua ematen duenean, suhiltzaile guztiak elkartzen dira, eta, ezbeharraren gaineko informazioa jasotzen duten bitartean, arropa jantzi eta prestatu egiten dira. Abisua jasotzen dutenetik, bi minutu baino ez dituzte behar irteteko. Iaz, 451 irteera egin zituzten Zubillagako suhiltzaileek, eta 2023an, 406.
Foru Aldundiaren urteko txostenaren arabera, 2023an Zubillagako kideek 116 irteera egin zituzten salbamendurako, 103 suteren batera eta 90 laguntza teknikoa ematera. "Azken urteetan asko jaitsi dira istripuetara egin beharreko irteerak. Kontrara, igo egin dira ate-irekitzeak egitera joatekoak. Bereziki, pertsona nagusiren bat bizi den etxeetara".
Ezbeharraren larritasunaren arabera bost mailatan banatzen dira: zero maila da arinena eta lau maila larriena. Maila horrek zehazten du zenbat suhiltzaile-etxek parte hartu behar duten, eta nor den arduradun nagusia.
Boluntarioen lana
Zubillagako parkea izan zen suhiltzaile profesionalez osatutako lehena. Haren aurreko Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuan boluntarioak ziren gehienak. Beharra zegoenean laguntzeko prestutasuna zuten pertsonak. "Zubillagara profesionalak heldu ziren lehenengo, eta boluntarioak ostean. Zubillagan ibilitako boluntarioak debagoiendarrak ziren, bete beharreko baldintza zelako. Dozena bat lagun animatu ziren, baina ez zuen emaitza onik eman. Haien beharra oso noiz behinkakoa zen, eta, apurka, utzi egin zuten", gogoan du Larrañagak. Beste parke batzuetan boluntarioen figurak indar handiagoa izan zuen, baina suhiltzaileek zerbitzua profesionalizatzeko beharra ikusten zuten. "Esku-hartze bakoitzerako, gutxienez, hiru pertsona behar ziren Ordiziako parkera heldu nintzenean. Baina bakarra zen profesionala, horrek zekarren guztiarekin. Boluntarioen beharra zegoenean, deitu eta haien zain egon behar genuen ezbeharraren lekura joateko. Denbora galtzen zen. Eskatzen hasi ginen hiru profesional txanda bakarrean, baina Aldundiak ez zuen nahi izan".
GIPUZKOAKO ZORTZI PARKEEK SAREAN EGITEN DUTE LAN; EGUNERO BATZARTZEN DIRA ARDURADUNAK
Mende hasieran Eibarren izandako sute bat izan zen boluntarioaren gainbehera ekarri zuen mugarri nagusia. Ezbehar larri bat gertatu zen hango tindategi batean, eta Aldundiak erabaki zuen hiru suhiltzaile profesional ipintzea zerbitzu bakoitzean. "Talde bakoitzean hiru profesional egotera, gertatzen ziren ezbeharren %90 haien artean konpontzen zuten. Hortaz, boluntarioek geroz eta gutxiago parte hartzen zuten, eta gehienek utzi egin zuten", gogoan du Larrañagak.
Hala, 2015ean bukatu zuen Foru Aldundiak 80ko hamarkada ezkero indarrean izandako profesional-boluntario mistoaren eredua. 2016an, Azpeitian, Ordizian eta Legazpin zeuden azken boluntarioei eskerrak eman zizkien orduko diputatu nagusi Markel Olanok. Boluntario izandako guztiak gogora ekarri zituzten ekitaldian.
Sei suhiltzaile txanda bakoitzean
2018an albiste izan zen Gipuzkoako suhiltzaile-parkeen berrantolaketa. Orduan esan zen Zubillagatik kendu eta Bergaran ipiniko zela. Zazpi urteren ostean, ez da aldaketarik izan. "Zerbitzuaren 2024-2027ko gestio-planaren aurrerapenean Zubillaga suhiltzaile-etxeko birgaitzea aurreikusita dago. Hortaz, datozen urteetan jarraituko du eskualdeko larrialdiak artatzen. Etorkizunera begira jarraituko da aztertzen zein behar dituen gure lurraldeak eta horiei aurre egiteko zein den suhiltzaile-etxeen sarearen antolaketa egokiena", dio Irune Berasaluze diputatuak. Foru Aldundiak 35 milioi euroko aurrekontua dauka Suhiltzaileen Zerbitzurako 2025erako. Partida horretatik, 800.000 euro baino gehiago bideratuko dituzte Zubillagako parkea birgaitzera. Aurretik, Ordiziako eta Zarauzko parkeak birgaitu zituzten. B
estalde, 2025ean Zubillagako parkeak izango duen beste berrikuntza garrantzitsuenetako bat izango da talde bakoitzean sei suhiltzaile egongo direla, segurtasunerako, horrek dakarren guztiarekin. "2024ko azaroa ezkero, Zubillagan gauden sei taldeetatik lautan sei kide ginen. Bada, aurtengo martxotik aurrera, talde guztietan egongo gara sei suhiltzaile. Irteera bakoitzean sei kide joango gara kamioian. Horrek esan nahi du sei pertsona gaudela edozein egoera konpontzeko. Gainera, gu geu babestuago gaude. Adibidez, bi pertsona sute bat itzaltzen ari diren bitartean, beste lau beste lan batzuk egiten ari dira, eta lankideei begira daude", argitu dute Larrañagak eta Elduaienek.
Imanol Illarramendi (Lasarte- Oria, 1964) Zubillagako parkeko lehenengo promozioko kide da. 1986an heldu zen. Dagoeneko erretiratuta dago.
Lehenengo promozioko kide zara; atzera begiratu, eta zer datorkizu burura?
Loteria tokatu zitzaidala. Hori da lehen pentsamendua. 22 urte nituen, eta 1985eko krisiarekin ez zegoen lana inon. Ikasketak eduki arren, oso zaila zen lana topatzea; eta, bat-batean, suhiltzaile izateko oposizioak sortu ziren. Aurkeztu egin nintzen, eta barrura. Horregatik diot loteriarena. 37 urtez izan naiz suhiltzaile, eta guztiak egin ditut Zubillagan.
Nolako bilakaera izan du zure lanbideak?
Handia. Hasi nintzenetik erretiroa hartu arte asko aldatu da. Are gehiago, ia dena aldatu dela esango nuke: materialak, protokoloa, irteerak, prestakuntza, suhiltzaileen kopurua...
Gogoratzen duzu egin zenuen lehen irteera?
Bai. Normalean, lehen irteera ez duzu ahazten. Pentsa zenbat irteera egin ditudan 37 urtean. Batzuk ahaztu egiten dira eta beste batzuk beti daude presente: lehenengoa izan zelako edo gertaera larriren bat izan zelako. Oraindik ere baditut gogoan batzuk. Ikusi duzuna, bizi izan duzuna eta sentitu duzuna parkean uzten jakitea da garrantzitsuena. Suhiltzaile- arropa eranzten duzunean, etxera itzuli behar duzu, familiarekin, eta bizimodu normala egin. Osasun arloko langileek, abokatuek.... pertsonekin lan egiten duten profesionalek ere halako egoerak bizi behar izaten dituzte.
Zuretzat erraza izan da hori guztia alde batera uztea?
Ikasi egiten duzu. Norbere nortasunaren araberakoa izango da, seguruenik, baina niri ez dit inoiz lorik kendu.
Istripuak eta suteak dira esku-hartze gogorrenak?
Bai, duda barik. Bereziki, pertsonak tartean badaude. Trafiko istripuen garairik gogorrena eta gordinena bizitzea egokitu zait. 80ko eta 90eko hamarkadetan istripu oso larriak gertatu ziren. Autoak zaharrak ziren, abiadura handian ibiltzen zen, eta beti, uhala ipini barik. Hiru horiek ziren istripu larriak eragiteko baldintza nagusiak. Hildako asko atera behar izan genituen garai hartan, eta batzuk ezagunak, gainera. Gaur egun, autoak seguruagoak dira, eta uhala erabiltzea, ezinbestekoa. Asko laguntzen du horrek. Suteetan ere bilakaera bat izan da; egun, segurtasuna askoz handiagoa da enpresetan eta etxeetan. Eraikinetan, oro har. Horrek ere laguntzen du.
Txiripaz heldu zinen suhiltzaile izatera; damutu zara inoiz?
Ez. Delineatzaile ikasketak egin nituen eta suhiltzaile izaten bukatu nuen. Baina inoiz ez naiz damutu izan naizenaz. Suhiltzaile izaten ikasi nuen, eta oso gustura jardun dut urte hauetan guztietan.