Stadler itxi egingo dute eroslerik agertu ezean

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko ots. 14a, 09:06

Eroslerik agertzen ez bada, itxi egingo dute Oñatiko Stadler enpresa. Enplegu Erregulazio Espedientearen tramitea hasi du, eta, inor agertu ezean, kalean geldituko dira 58 langileak.

Enplegua Erregulatzeko Espedientean sartuta dago Oñatiko Stadler enpresa, eta, datozen astetan eroslerik agertzen ez bada, itxi egingo dute. 58 langile daude lanean, eta denak geldituko dira kalean itxiera heltzen bada.

Enpresako gerente Txema Gallegok azaldu duenez, lantegiak ezin izan dio bueltarik eman 2019tik izan duen lan jaitsierari, eta horrek eraman du egoera horretara enpresa. Haren esanetan Mercedes, Volkswagen, Renault eta halako bezero handiak dituzte, baina 2019an Mercedesendako bakarrik egiten zuten pieza baten ekoizpena galdu zuten, beste enpresa bati eman ziotelako, eta, 2023an beste proiektu batekin aurrera egingo zutela uste arren, ez zen horrela izan. 2024ko uztailean sartu zen hartzekodunen lehiaketan eta urtarrilaren 25ean Enplegua Erregulatzeko Espedientea tramitatzeari ekin zioten. Hiru hilabeteren barruan ez bada inor agertzen erosi gura duela esanez, itxi egingo da. Gallegok gaineratu du Europako merkatuan ibili direla aukerak aztertzen eta Asiako merkatuan ari direla orain saiakerak egiten, baina ez dutela emaitza onik lortu oraindik, automozioak egun bizi duen egoera ezegonkorraren aurrean hori zaila dela onartuz. Hala ere, Bertako enpresa edo enpresa talde batek erosteko modukoa ere badela esan du Gallegok: bost linea dituela, makinak onak direla eta langileek badute formakuntza badutela gaineratu du.

2008an izan zuen langile kopuru handiena Stadlerrek; egungoaren bikoitza, gutxi gorabehera. ELA eta ESK sindikatuetako bina ordezkarik eta independentea den batek osatzen dute komitea, eta lehen biek adierazi dute enpresaren "kudeaketa faltagatik" iritsi direla egoera horretara; biek salatu dute egoera.

Stadler 1969an sortu zuten Rudolph Reinstadler-ek eta beste bost bazkidek, Garibai auzoan; 1996tik dago Santxolopeztegin. Sarrailagintzako piezak egiten hasi ziren baina automozioan sartu zen duela 22 urte, 2003an. Egun, ia %100na Gasteizen bizi den familia batena da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak