Energia-merkaturatzailea sortzeko bidea hasi dute Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko ots. 13a, 18:01

Oñatiko energi-merkaturatzailea abiarazteko bidean, CHC Energiaren delegazioa etengo du udalak eta laster ez du zuzeneko arretarik eskainiko Oñatin. informazio-saioak egingo dituzte datorren astean, proiektuaren gainekoak azaltzeko.

Energia sortzeko eta banatzeko bertako enpresak dituen moduan, energia komertzializatzekoa ere herrikoa izatea gura du Oñatiko Udalak, eta horretarako bidea hasi du –urtebete ingurukoa da prozesua–. CHC Energia-merkaturatzaileari jakinarazi dio dagoeneko agente komertzial izateari utziko diola. Hori da herriko merkaturatzailea sortzeko prozesuan egin beharreko lehen urratsa, Udalaren esanetan, eta egin duela esan du.

Jarraitu edo bertakoan sartu

Horrek esan gura du CHC Energiak ez duela epe motzean aurrez aurreko informaziorik emango Bibarrieta kaleko bulegoan. Besteetan gertatzen den moduan, telefonoz edo beste herri bateko bulegora joanda argitu beharko ditu zalantzak herritarrak. Delegazioa eten arren, baina, herritarra ez da argirik barik geldituko, jarraituko du argia izaten eta CHC Energiatik etorriko zaizkio argiaren fakturak, baina ez du enpresa horrek arreta punturik izango Oñatin laster.

Oñati moduan, beste herri batzuk ere batzen dituen merkaturatzailea da orain arteko CHC Energia –2009an sortua–, eta, 2023az geroztik, Repsol da bazkide nagusia, akzioen %50,01ekin. "Azken urteetako testuinguru nahasiek energiaren merkatuan eta herritarren etxeetan eragindako ziurgabetasuna, azpiegiturak izan arren erabakiak herrian hartzeko mugak, energia berriztagarrien aldeko apustua, CHC Energiaren azken urteotako bilakaera, gardentasunari eta gertutasunari eutsi beharra... Asko eta askotarikoak dira erabakiaren oinarrian dauden arrazoiak", azaldu du Izaro Elorza Arregi alkateak.

Hasi den prozesu hori aurreko agintaldian aurkeztutako Energia Planean du jasota Oñatiko Udalak, "eta posible egingo du Oñatin sortutako energia berriztagarria oñatiarrek modu zuzenean kontsumitzea". Burujabetza energetikoaren baitan, eta energia berriztagarrietan, nagusiki, argindarraren kate edo zirkulu osoa herriratzea ahalbidetuko luke bertako agente komertzial bat izateak. "Merkaturatzaile berriak posizio hobean jarriko du Udala, herritarren behar energetikoei modu eraginkorrean erantzuteko, ziurgabetasunak ezaugarrituriko garaietan, ziurtasuna eskaini dezan, espekulazio eremuetatik urrunduta, oinarrizko zerbitzuaren bidezko eskaintza erdigunean jarrita". Alkateak gaineratu du pauso horrek "erreferente" bilakatuko duela Oñati energiaren alorrean.

Bilerak eta esku orriak

Herritarrak jarraitu dezake orain arteko merkaturatzailearen bezero izaten edo sortuko den bertako horretakoa. Bigarren hori aukeratuz gero, Bidebarrieta kalean dagoen Energia Bulegora joan beharko du, beste kontratu bat sinatzea; digitalki ere egin ahal izango da. Hartutako erabaki horren berri emateko eta herritarren edozein zalantza argitzeko, informazio bilerak egingo dituzte udal ordezkariek datorren astean herritarrekin. Eta esku orriak banatuko dituzte.

Bilerak izango dira –itzulpen zerbitzua egongo da–:

  • Otsailak 18: 18:30ean, zinema-aretoan
  • Otsailak 19: 18:30ean, Eltziako hirugarren solairuan
  • Otsailak 20: 10:00etan, kiroldegiko bilera-gelan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak