Oñatiko LGTBIQ+ pertsonen errealitatea eta bizipenak jaso asmoz, herriko Udala hasi da dagoeneko diagnostiko bat egiteko lehen pausoak ematen. Hainbat dira azterketaren bidez lortu gura diren helburuak, Oñatiko alkate Izaro Elorzak azaldu moduan: "Prozesu honen bidez dituzten beharrak eta eskaerak zeintzuk diren jakin nahi dugu, baita egunerokoan zein eragozpen dituzten eta horiei aurre egiteko bideak aztertu ere. Horrekin batera, LGTBIQ+ pertsonen errealitatea ezagutaraztea gura dugu, baita haien arteko saretzea indartu ere".
Ahalik eta parte-hartze handiena
Diagnostikoa egiteko urtebeteko epea ezarri dute gutxi gora behera. Sudergintza kooperatibak gidatuko du hiru fase izango dituen eta ahalik parte-hartzaileena izatea gura duten prozesua. "Ahalik eta informazio gehien biltzeko helburuarekin, LGTBIQ+ pertsonekin bankako elkarrizketak egingo ditugu, baita gai jakinen inguruko talde eztabaidak eta online galdetegi bat ere", adierazi du gau egin dute aurkezpenean Oñatiko Udaleko zinegotzi Asier Lauzirikak, eta gaineratu ahalik eta parte-hartze "handiena, anitzena eta integralena" bilatzen dutela.
Sudergintza kooperatibako kide Zuriñe Rodriguezek azaldutakoaren arabera, lan ildo ugari izango ditu diagnostikoak: Oñatiren idiosinkrasiak dituen berezitasunak aztertuko dituzte, baita, herri txikia izanik, sexilioa eta ikusgarritasuna bezalako gaiak edo erasoak zein fobiak modukoak ere. Oñatiko LGTBIQ+ kolektiboaren aliantzetan eta memorian ere jarri gura dute fokua.
Diagnostikoa Udalaren ekimena den heinean, komunitateak erakundearekin duen hartu-emana ere ikertuko dute: "Udalak badu erantzukizun bat, LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak bermatzeko eta asetzeko erakundea izan behar duelako. Hori horrela, aztertu nahi dugu baita ere nola harremantzen den LGTBIQ+ komunitatearekin; ea leku erosoa den eta ea zerbait gertatzen bada Udalera etortzea baden estrategia bat eta nola hobetu daitekeen hori", nabarmendu du Rodriguezek. Zentzu horretan, Udalarekin lotuta hartu daitezkeen neurriak ere identifikatuko dituzte.
Helbide elektronikoa, anonimotasuna bermatuz
Diagnostikoan parte hartu gura duten LGTBIQ+ pertsonek euren interesa adierazteko helbide elektroniko bat jarri dute martxan: ltgbiq@onati.eus helbidea, hain zuzen ere. Azpimarratu dute parte-hartzaileen anonimotasuna bermatuta egongo dela eta herrian bizi diren kolektiboko kideak bakarrik ez, kanpoan bizi diren oñatiarrak ere animatu dituzte parte hartzera.