Duela lau hamarkada pasatxo, 1982ko azaroaren 20an, zabaldu zuten Donostiako Hontza liburu-denda lau lagunek: Jesus Mari Larrazabalek, Dolores Apariciok –Iñaki Usandizaga senarrak zuen lotura dendarekin–, Juantxo Madariagak eta Anton Apaolazak. Unibertsitateko irakasle hiru, oñatiarra, Apaolaza, zen dendan jardun osoan lan egiten zuen bakarra, eta, horrela jarraitzea posible ez zela ikusita, beste hiru bazkideren bila hasi zen Apaoaza handik gutxira. Oñatin topatu zituen hirurak: Beatriz Ugarte, Ramon Tatiegi eta Esther Moiua. Hala, lau bazkide oñatiarrekin ekin zion ibilbide luze honi Hontza liburu-dendak. Erretiroa hartzeko bidean, errelebo bila dabiltza; saldu arte, baina, zabalik izango dute, azken 40 urteetan landu eta lortu duten esentzia edo nortasunari eutsiz.
Liburu-denda aurretik ere
Donostiako Okendo kalean dago Hontza liburu-denda, Victoria Eugenia antzokiaren ostean, eta lokal horretan bertan Ayalde izeneko liburu-denda bat zegoen aurretik. "Valverdetarrena zen, Antonio Valverderen ezizenarekin zabaldutakoa. Denbora gutxi iraun zuen. 1982an hartu genuen guk eta erabateko itxura-aldaketa egin genion, goitik behera aldatu genuen. Nik ordu batzuetan bai, baina Apaolaza zen hango benetako langile bakarra. Oso liburuzain ona zen, asko irakurtzen zuen, asko zekien, eta ikusten zuen negozioak dedikazioa behar zuela ondo eramateko. Hala, Antonek beste hiru oñatiar topatu zituen proiektura batzeko, eta eurek erosi zuten utzi genuen hiruron partea", du gogoan Madariagak.
Donostiara joan aurreko denboran, Aketz izeneko liburu-denda zuen Apaolazak Oñatin, gerora Jabi Goitiak izan zuen Pott denda egon zen lokal berean, Aita Madina kalean. "Aurretik egon zen dendako kideetako bat ezagutzen nuen. Madariaga Oñatin bizi zen garai hartan, eta, ideia zein zen esan zidanean, zalantzak izan nituen hasieran, ondo nengoelako Oñatin, baina probatzea erabaki nuen, azkenean, eta horrelaxe hasi zen abentura. Donostia Oñati baino handiagoa da eta hemen baino jende gehiago sartzen zen dendara, baina hasiera gogorra izan zen".
Lehena ordenagailua erabiltzen
Lehen hiru bazkideek proiektua utziko zutela jakinda, bazkide bila hasi zen Apaolaza, hark jarraitu gura zuen-eta Hontzarekin. Proiektura batzeko proposamena jaso zutenean, Tatiegi tailer batean zebilen lanean, Moiua Bilbon eta Ugarte ingelesa ikasten hasi edo ez pentsatzen. "Gogoan dut gure lehenengo negua gogorra izan zela. 1985eko urtarrilaren hasieran, Errege bezperan hasita, elurra egin zuen Donostian, baita hondartzan ere. Ikasle pisu batean egon nintzen hasiera hartan, Donostia egun baino urrutiago zegoen-eta Oñatitik. Lan eginaz ikasi genuen liburu-denda aurrera ateratzen, taldean eta dedikazio handia eskainiz; eta Oñatiko lotura galdu barik. Oroitzapenen artean, Urtezahar egunekoa dut gogoan. Denda zabalik izaten genuen, eta, itxi ahalaz bat, Oñatira etortzen ginen; Guria tabernan izaten genituen lagunak zain", dio Ugartek.
1995ean Oñatira bueltatu zen Ugarte –bazkidetza mantentzen du–, baina oraindik oroitzen da nola liburuen eskaerak eta liburu bakoitzaren fitxak eskuz egiten zituzten. Tatiegik ere bai: "Eskuz apuntatzen genituen liburuen izenburuak paper batean, eta gero, banan-banan, telefonoz eskatu. Goiz oso bat pasatzen genuen horretan. Faxa heldu zenean, sekulako aurrerapena iruditu zitzaigun, eta ordenagailuak gauzak zenbat erraztu dituen, zer esanik ez. Esango nuke ordenagailua ekarri zuen Gipuzkoako lehen liburu-denda izan zela Hontza; Elkar baino lehen hasi ginen gu erabiltzen". Valladolidera joan ziren, dendarako behar zuten programa ezagutzera eta ikastera, eta handik ekarri zuten.
Oñatiko lotura galdu barik
Lan egiteko modua bezalaxe Donostia bera ere aldatu dela diote dendan urte hauetan guztietan lanean aritu diren Ramon Tatiegik eta Esther Moiuak –2005ean utzi zion Anton Apaolazak parte izateari–, baina saiatu direla egokitzen eta beti ahalik eta zerbitzu eta harreman onena izaten bezeroekin. "Esango nuke liburu-denda eramateko eskola bat sortu dugula. Taldean egin dugu lan, bezeroei entzuten saiatu gara, kasu egiten... Haiekin momentu asko bizi izan ditugu, asko hitz egin, eta joan-etorriko informazioa izan da hori, geuk ere asko ikasi dugu eurengandik. Guk aholkuak eman bai, baina guk ere eurek gomendatutako liburu asko irakurri ditugu. Uste dut lortu dugula alde bien arteko harreman polita, eta hori lanarekin sortu dugun eskola horren emaitza dela. Esaterako, dendan batek baino gehiagok esan dit oroitzen dela lehen, txikitan, etxekoren batekin nola etortzen zen Hontzara. Hori entzutea polita da oso", dio Moiuak.
Horrekin batera, oñatiar eta euskaldun askoren erreferentzia-puntu izatea ere lortu dutela uste du Tatiegik. Hura eta Beatriz Ugarte, biak gogoratu dira hasierako urte haietan Hontza liburu-denda zela Oñati eta Donostia arteko bidaiak egiten zituen Jabier Aldekoa manda- tariaren edo errekadistaren geldiune bat: "Hementxe uzten zituen Oñatitik ekarritako paketeak eta hemen jasotzen zituen Oñatira eraman beharrekoak". Hasiera hartatik hasita, egun ere oñatiar askok egiten dute sartu-irtena dendatik, "agurtzera bada ere". Oñatirekin duten lotura hori dendako apalategietan dauden liburuetan ere ikus daiteke; beste milaka libururekin batera dituzte salgai hemen kaleratutakoak ere; Ander Lizarralderen Olabartarrak, Iñaki Galdosen Abentura bat baino askoz gehiago 1984-2024 eta Gogoratu Guran elkarteak egindako Gerrako garrak, adibidez. "Geure oñatiartasunaz apologia egin dugu beti, bai", dio Tatiegik.
Zinemagileak eta idazleak
Hizkuntzari, euskarari, garrantzi handia eman diote Hontzan, bertakoek euskararekin duten konpromisoa betetzeko asmoz. Goizero Euskadi Irratia jartzen dute dendan, ahalegin berezia egin dute bertako langileak ere euskaldunak izan daitezen. Azaldu dute egun langile bat dutela euskaraz oraindik hitz egiten ez duena, baina ibilbide osoan bertatik pasa diren langile guztiak euskaldunak izan direla. Era berean, euskarazko liburuak izaten ere ahalegindu dira, eta idazle horietako askorekin izan dute, eta dute, harremana. Esaterako, Xabier Leterekin gogoratzen da oraindik Anton Apaolaza: "Sarri etortzen zen eta gertukoa nuen". Hura bezala, Itziar Ugarte, Antton Olariaga, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Ander Izagirre, Amets Arzallus eta Ibon Martin ere aipatu dituzte Tatiegik eta Moiuak. Eta ez idazleak beste, baina zinemagileak edo Zinemaldiak ekarrita Donostiara heldutako aktoreetako batzuk ere dendara joan izan dira. "Batez ere, lehen, Zinemaldiaren egoitza Victoria Eugenia zenean, Kursaalaren sasoiaren aurretik", dio Tatiegik. Hala ere, Zinemaldia denean dendako erakusleihoak itxura berezia hartu duela beti gaineratu du Moiuak: "Astero aldatzen dugu erakusleihoa, baina urtean birritan bereziki lantzen dugu apainketa: Gabonetan eta Zinemaldian".
Saldu arte, zabalik
Beatriz Ugarte, Ramon Tatiegi eta Esther Moiua dira egun Hontzako hiru bazkideak baina Moiua da dendan lanean jarraitzen duen bakarra; Tatiegi erretiroa hartuta dago eta Ugartek 1995ean utzi zuen dendako lana. Egun, Tatiegiren seme batek, Jonek, dendan dihardu lanean, baina ez da nahikoa; talde bat osatu gurako lukete. "Honek lau hamarkadetan funtzionatu badu da taldeagatik, talde-lana egin dugulako eta inplikazioa izan dugulako; gutxienez, hiru pertsona finko tiraka. Eta orain ez dugu lortu hori osatzea", diote. Hirurek jubilatu gura dute eta lokala saltzeko duten asmoa adierazi, baina saldu arte denda ez dutela itxiko ere garbi utzi gura dute, Tatiegik azaldu duenez: "Jarraituko dugu, saldu arte edo, gutxienez, traturen bat egin arte; bitartean, zabalik egongo da denda. Ezin dugu itxi ordura arte, diru kontuak ere badaude tartean eta: langileen indemnizazioak, kreditua... Salmenta lotzen denean ere ez dugu egun batetik bestera itxiko. Denbora bat hartuko dugu denda husteko, adibidez. Banatzaileekin-eta ere hitz egin dugu gure asmoa eta egoera azaltzeko, eta ondo ulertu dute". "Ibilbide honetan guztionetan gauzak ondo egiten saiatu gara beti, eta horrela bukatu gurako genuke; itxiera modu ordenatuan izatea da asmoa", gaineratu du, ondotik, Moiuak. Bitartean, eguneroko lanean jarraitzen dute, bezeroak artatzen banatzaileen sartu-irtenekin batera, bi solairu eta, Ramon Tatiegik buruz egindako kalkuluen arabera, 30.000 bat ale dituen liburu-dendan –tituluak, erdiak pasa–. Joan den urteko salmenten kopurua zehatzagoa da: 41.000 ale baino gehiago saldu zituzten Hontza liburu-dendan.
(Argazkiak: Goiena).