Axier Perez: "Goya sarietarako izendapenarekin, denbora luzez ereindakoaren fruitua ikusten duzu"

Txomin Madina Milikua 2025ko urt. 30a, 14:24

Axier Perez Serrano oñatiarra.

Txikitatik erakarri izan duen zinemaren mundua lanbide bihurtu, eta azken 29 urteetan buru-belarri ibili da Axier Perez Serrano (Oñati, 1975). Askotariko pelikuletan parte hartuz Ibilbide luzea egin du, La infiltrada-n egindako lanagatik Goya sarietan aitortza ere jaso dezakeen ibilbidea.

Puntua aldizkariaren 440. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Arantxa Echevarriak zuzendu eta 90eko hamarkadan ETAn infiltratu zen polizia bat protagonista duen La infiltrada filmak hamahiru izendapen jaso ditu hurrengo Goya sarietarako. Horietako bat, produkzio-zuzendari onenaren kategoriakoa, Axier Perez Serranorentzat izan da. Otsailaren 8an jakingo da oñatiarrak irabazi duena edo ez.

Pentsatuta daukazu zer esango duzun otsailaren 8an Goya zuretzat baldin bada?

Badakit, gutxi gorabehera, zer esan nahi dudan, saria jende askorena izango delako: babestu izan nauen jende guztia, teknikariak, produkzioko departamentu osoa... Nolabait ere, haien ordezkaria izango naiz ni. Ez dut uste emango didatenik, baina, emango balidate ere, zehatz-mehatz zer esango dudan ez, baina, badaezpada, banabil zerbait pentsatzen.

Lehen izendapena duzula kontuan hartuta, nola ari zara bizitzen Goyen sari-banaketa aurreko aste hauek?

Erdi-ohitzen ari naizela esan daiteke. Zinemaren munduan 29 urte eman eta gero, lehen aldia da ni nagoen proiektu batek hainbeste izendapen dituela. Oso zirraragarria ari da izaten; urduri ere banago, shockean bezala. Lehen izendapenak Forque sarietarako izan ziren, eta ni, oso sentibera izanda, edozer gauzarekin negar egiten dudala... Egia esan, oso harrituta geratu nintzen. Gero etorri ziren Feroz sarietarako izendapenak, beste sari eta izendapen batzuk... Denbora askoan hitz egin ez duzun jendeak idazten dizu, zoriondu egiten zaitu, eta horrek asko pozten du bat. Denbora luzez ereindakoaren fruitua ikusten duzu.

"PRODUKZIO-ZUZENDARI MODUAN, NIRE LANA DA PELIKULA DAGOEN DIRUAREN BARRUAN SARTZEA"

Zein izan da puntu horretara heltzeko egindako bidea?

Andoaingo Zinema eta Bide Eskolan ikasi nuen nik. Azken urtean, Aste Santuan, Madrilera joan nintzen, bizimodua ateratzera: ekoiztetxeetara joan, curriculumak utzi... Ekoiztetxe batean esan zidaten Igeldo Komunikazioak-eko Angel Amigorekin pelikula bat grabatzen hasi behar zutela. Haiengana jo nuen, eta esan zidaten bi hilabetera deitzeko, orduan hasiko zirela grabazioekin eta esango zidatela zerbait. Baina nik hurrengo egunean deitu nuen berriz ere, baita hiru egunera, handik astebetera... Eta, halako batean, esan zidaten: "Kontratua sinatzen baduzu zin egiten diguzu ez duzula berriz ere deituko?". Eta horrela, kontratua sinatu eta grabazioak hasi aurreko astera arte ez nuen berriz ere deitu. Astuna izateagatik hartu ninduten! Produkzioko merezidun hartu ninduten Ana Diezek zuzendutako eta Silvia Muntek protagonizatutako Todo está oscuro pelikulan. Euskal Herriaren eta Kolonbiaren artean grabatu zen, eta, ordutik aurrera, proiektuak kateatzen hasi nintzen. 1996an izan zen hori, eta 1997an Londresera joan nintzen, urtebetez, ingelesa hobetzera. Handik itzulitakoan, lanean jarraitu nuen, eta 2000. urtean Euskal Herriaren eta Madrilen artean ibili nintzen, lan eskaintza gehiago zegoenez Madrilen geratu nintzen arte.

Jakina da pelikula batean zein den zuzendariaren, gidoigilearen edo argiztatzailearen lana; baina zer egiten du produkzio-zuzendariak?

Pelikularen aurrekontuaren kontrola daraman pertsona da. Ekoizlea etortzen zaizu eta esaten dizu: "Hauxe da gidoia eta hauxe da pelikula egiteko aurrekontua". Nire lana da gidoia hartzea eta grabazio-plana egitea; nik plan horren arabera egiten dut pelikularen aurrekontua. Inoiz ere ez dago nahikoa diru: pelikulak lau milioi euroko kostua badu, ekoizleak hiru izango ditu. Hori horrela, nire lana da pelikula dagoen diruaren barruan sartzea. Eta ez badago nahikoa diru, nondik eta zela jaitsi aztertzea: zein sekuentzia edo plano kendu, baina pelikularen narratibari eragin gabe. Hori guztia, alde batetik. Beste alde batetik, teknikariekin negoziatzea eta haiek kontratatzea dago, baita aktoreen ordezkariekin negoziatzea ere. Eta bukatzeko, pelikula egin bitartean aurrekontuaren kontrolaz arduratzea dago.

"EGIN DIRA ETA-RI BURUZKO PELIKULA GEHIAGO, BAINA EZ GURE INFORMAZIO MAILAREKIN"

Noiz hasten eta noiz bukatzen da produkzio-zuzendariaren lana?

Normalean, proiektura batzen den lehen pertsona da, gidoia jaso eta aurrekontua egiteko eta lantaldea kontratatzeko. Ondoren, grabazio osoa dator. Eta, nire kasuan, grabazioa bukatu eta pare bat astera bukatzen da nire lana: hornitzaileei ordaindu, ordaintzeko moduak adostu... Izan ere, zuk ez duzu hasieratik aurrekontu osoaren dirua: dirua sartzen doa eta hori bideratzen joan behar duzu. Guztia lotuta utzitakoan bukatzen da nire lana. Postprodukzioaz postprodukzio-zuzendaria arduratzen da.

Zertan igartzen da produkzio-zuzendariaren lana ona izan den edo ez?

Zaila da hori zinemaren munduan ez dagoen jendeak baloratzea. La infiltrada-ren kasuan, zineman lan egin arren pelikulan aritu ez zen jendeari erakutsi genionean, esan ziguten bazirudiela kostatu dena baino askoz gehiago kostatu dela. Lokalizazioetan ikusten da hori, aktore-zerrendan... Ez da gauza bera zazpi milioi euroko aurrekontua duen pelikula baten kostuen kontrola eramatea edo milioi bat euroko aurrekontua duenarena. La infiltrada-n, esaterako, 64 lokalizazio daude, horrek baimenekin-eta dakarren lan guztiarekin. Era berean, 90eko hamarkadan kokatuta egonda, garai bateko pelikula da. Hori horrela, lokalizazio batean harrotasunaren bandera bazegoen, kentzeko eskatu behar genion bizilagunari, garai haietan ez zelako hain ohikoa. Grabazio egunerako, planoan ikusiko diren etxeetako bizilagun guztiekin hitz egin behar duzu, gauza garaikideak kentzeko; bestela, efektu berezien bidez kendu behar duzu, horrek dakarren gainkostuarekin. Mila gauza izan behar dituzu kontrolpean. Gu izaten gara filmaketako gaiztoak, guk esaten diegulako ezetz hornitzaileei, zuzendariei... Ustekabekoetarako aurrekontua ere izan behar duzu: gerta daiteke, adibidez, eguraldiagatik, grabazio plana aldatu beharra, eta horrek ere gastu bat dakar.

Mota askotako pelikuletan izan zara produkzio-zuzendari; zeinetan egindako lanaz zaude harroen?

Aktoreengatik, lantzen duen gaiagatik, bertakoa izanda Euskal Herrian egin izanagatik... La infiltrada egitea harrotasunerako eta poztasunerako motiboa da niretzat; harroen nagoen lanetako bat da. Nire jaioterrian egindako pelikula batengatik izendapena jaso izana sekulakoa da! Baina jorratzen duen gaiagatik oso zaila ere izan da, konplexutasun handikoa. Beste garai batean gertatzen den pelikula bat egiteko lantalde handiagoa behar duzu, dena handiagoa delako. Gaur egun kokatutako pelikula bat egiteko, kamerarekin kalera irten eta grabatu egiten duzu; figuraziokoek, esate baterako, euren arropa ekartzen dute eta kito. Baina La infiltrada-n, 90eko arropaz betetako bi kamioi behar izan ditugu figurazioko jendearentzat. Tabernetan bertan edalontziak eta kafe-makinak ez ziren berdinak. Alegia, pelikula kokatzen den garaiko informazio asko behar duzu. Arte departamentuarentzat lan konplikatua da: planoan agertuko den estatua hori bazegoen orduan ala ez? Eta barandak horrelakoak ziren? Plano bakoitza mundu bat bihurtzen da. Horregatik, pelikula bat non grabatu erabakitzeko orduan, argi izan behar dugu zer ikusiko den eta zer ez.

"EUSKAL HERRIKOAK DAUDEN TEKNIKARIRIK ONENAK DIRA; MADRILEN ASKO GAUDE"

Iaz Espainian egin ziren pelikulen artean, aretoetan diru gehien batu zuen bigarrena izan zen La infiltrada; EAEn hamar ikusienen artean kokatu zen. Espero zenuten?

Ez. Euskal Herrian zelan hartuko zen ere ez genekien, eta badirudi harrera ona izan duela. 8,2 milioi euro batu ditu Espainiako Estatuko aretoetan, eta, horrekin, Arantxa Echevarria Estatuan diru gehien batu duen emakumezko zuzendaria bihurtu da, Maria Ripollen aurretik. Maitasun handiarekin egindako pelikula da, ekoiztetxeak sei urte eman ditu ahalik eta informazio gehien lortzeko ikerketa-lanetan. Egiten dituzun pelikula guztiak ondo joatea nahi duzu, baina inoiz ere ez duzu espero horrelako arrakasta lortzera helduko zarenik.

Lantzen duen gaia landuta, pelikula duela 20 urte egin ahal izango zen?

Ez dut uste, gaian apur bat gehiago sakondu dugulako eta orduan zailagoa izango zelako sei urtez ikerketa-lanetan ibili eta ukitu ditugun gauzak ukitzea. Egin dira ETAri buruzko pelikula gehiago, baina ez guk geneukan informazio mailarekin. Donostian grabatzeko ere arazo gehiago egongo zirela uste dut.

Zuzendaria bera eta zu zeu bertakoak izanda, zelakoa izan zen Euskal Herrian grabatzea?

Pelikularen ekoiztetxeak, Bowfingerrek, 2012a ezkero bulegoa du han. Kontua da EAEn filmazioendako %70era heldu daitezkeen pizgarri- fiskalak daudenez, pelikula askoren filmaketak hor egiten direla eta Euskal Herrian ez dagoela nahikoa lantalde tekniko horietan guztietan jarduteko. Hori horrela, kanpotik eroan behar izaten dira teknikariak. Gure hasierako asmoa zen lantalde guztia hor osatzea, baina ezinezkoa izan zitzaigun. La infiltrada grabatzen 2024ko otsailaren 5ean hasi ginen, eta guk, normalean, grabazioa hasi baino lau hilabete lehenago kontaktatzen dugu teknikariekin. Eta gertatu zitzaigun jendeari deitu eta esatea 2026ko martxora arte bazeuzkala beste hiru proiektu! Niri hori zoragarria iruditzen zait, luxua; ea pizgarriak mantentzen diren, bestela jende asko geratuko da-eta lanik barik. Nire garaian hainbeste pizgarri egon izan balira, akaso ez nintzatekeen Madrilen egongo! Euskal Herrikoak dauden teknikaririk onenak dira; Madrilen, adibidez, asko gaude. Egin dudan azken pelikulan, argazki-zuzendaria Aitor Mantxola oñatiarra izan da. Eta Goya sarietarako bi izendapen ditu beste oñatiar batek, Aitor Arregik. Ea aurten Goya asko eramaten ditugun herrira! Sekulakoa litzateke hori!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak