Eliza katolikoak 25 urtean behin egiten du Jubileu urtea eta kristauen "bihotz-berrikuntza eta bekatuen barkamenerako garai gisa egiten den urte santua da. Urte Santuan murgiltzeko, baina, erritu bat egin ohi da. Otoitzarekin hasi eta ate santuaren bedeinkazioa egiten dute; ondoren, irekiera zeremonia egiten da, atea mailu edo makulu batekin joz irekitzeko.
Ate Santua Aita Santuak aukeratutako katedral eta elizek izaten dute. Gipuzkoan, esaterako, Donostiako Artzain Onaren Katedralak, Arantzazuko Santutegiak eta Loiolako Santutegiak daukate. Urtarrilaren 6an egin zuten Jubileu urtearen irekiera ekitaldia Donostian, eta atzokoan, Arantzazun egin zuten. Erritua gidatzeko nahiz atea zabaltzeko ardura Fernando Prado Gotzainak izan zuen, eta harekin batera izan ziren Arantzazuko fraideak. Hala, herritarrak ere bertan bildu ziren eta otoitz egin ostean, Pradok atea bedeinkatu eta hiru kolpe eman zizkion makuluarekin. Ateak zabalduta frantziskotar eta Gotzainarekin atzetik sartu ziren kristauak elizkizunera.
"Poztasunez betetako urtea eta garrantzitsua"
Prado Gotzainarentzat datorren urte hau "poztasunez betetako urtea" da. Gainera, adierazi zuen Jubileu urte "bikoitza" izango dela, Urte Santua izateaz gain, Donostiako Elizbarrutiak 75 urte bete baititu. Urte "garrantzitsu" bezala definitu zuen 2025a, eta aurreratu hainbat ekintza egingo dituztela urtean zehar "espiritualtasuna berrizteko".
Fededunek jarraitu beharreko pausoei dagokienez, Donostiako Gotzainak adierazi zuen ospakizun hauetan parte hartu behar dutela. "Esaten dugun bezala, egin behar dena da irabaztea Jubileu induljentzia esaten dena. Badirudi antzinako gauza dela, da pixka bat balorean jartzea momentu berezia dela gure bizitzan. Agian, bizitzan behin edo bitan gertatzen da. Urte berezia izango da gure iraganarekin bakeak egiteko eta etorkizunari begira pentsatzeko nolakoa izan behar den gure bizitza. Fedea indartu eta horretarako daude ekintza hauek", azaldu zuen elizkizunaren ostean.
Jubileu urteari irekiera lehen aldiz
Esan bezala, 25 urtero egiten da Jubileu urtea, eta edozein Gotzainek ez dauka aukera ate santua zabaltzeko. Hala, Donostiako Gotzaina –bi urte daramatza karguan– "pozik" agertu zen: "Desafio bat da animatzea gauza guzti hauek. Ez nago bakarrik, jende asko dago atzetik lanean eta pozik gaude".
Hurrengo hitzordua datorren domekan, urtarrilaren 26an, izango da Loiolako Santutegian, orduan zabalduko baitute hango ate santua. Halaber, Gotzainak aurreratu du Martuteneko kartzelan ate irekieraren ekitaldia ere egingo dutela datozen asteetan.