"Freskoa eta aroma onekoa" da bailarako txakolin berria

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko urt. 17a, 13:36

Azken uztako mahats alea aurrekoa baino txikiagoa izan arren, freskoa eta aroma onekoa da txakolin berria Debagoieneko txakolin ekoizleen esanetan.

2024ko txakolin-uzta Debagoieneko upeltegientzat ona izan da. Bildutako mahats alea txikiagoa izan da aurrekoarekin konparatuz gero, baina eguraldi baldintzak lagunduta, txakolin freskoa ekoiztu dute, eta kalitatezkoa. Horixe adierazi dute txakolina egiten duten Oñatiko txakolin ekoizleek.

San Anton Egunaren bueltan, urtarrilaren 17an, aurkezten ohi du Getariako Txakolina izendapenak uzta berria. Debagoieneko hiru upeltegi daude Getariako Txakolina jatorri izenaren barruan: Murgialdai, Belaskua eta azken hiru urteetan Hondarribiko Hiruzta txakolindegiak kudeatzen duen Upaingoa. 2024a urte berezi izan dela gogoratzen dute hemengo txakolin ekoizleek, martxoan ernetu zirelako mahatsondoak, inoiz baino lehenago, eta berandu batu zutelako alea. Hala ere, eguraldi baldintzak ez ziren oso muturrekoak izan eta alea txikiagoa izan arren, kalitatea baduela adierazi dute.

Botila batzuk bete dituzte dagoeneko, eta lan horrekin jarraituko dute mahatsondoen kimatzea hastearekin batera, neguan egin beharreko lana izaten da hori eta. Aurtengo berritasunak, hain zuzen ere, etiketetan daudela adierazi du Galdosek; botilak birziklatu egin behar direla gogorarazten duten ikurra eta txakolinaren mantenugaiak, nutrienteak, zeintzuk diren adierazten duten QR bat izan behar dute.

Bailaran salduko dute ekoiztutako gehiena, baina Murgialdairen kasuan, esaterako, Amerikako Estatu Batuetara eta Japoniara ere esportatuko dituzte botila batzuk. Belaskuak, berriz, gehienbat etxerako egiten dutela adierazi dute, eta bailaran saltzen dutela beste dena. Jon Urzelairen esanetan, euren asmoa saltzeko egiteko baino etxe inguruan landa jarduera mantentzea da. Upaingo txakolina, bestalde, Hondarribiko Hiruzta txakolindegiak kudeatzen du egun. Eltziegoko Marques de Riscal upategiak egin du lan hori lehenago baina azken hiru urtetan Hiruzta arduratu da. Bertako Txarli Rekaldek baieztatu duen moduan, aurten lehen aldiz, Hondarribian egin dute ekoizpen osoa, ez dute inolako lanik egin Oñatiko upategian, mahatsa batu, zuzenean Hondarribira eraman eta han egin dute prozesu osoa. Merkaturatu ere Hiruzta izenarekin egiten dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak