Mapa digital interaktibo batean batu ditu Oñatiko Udalak herriko 2.855 toponimo

Txomin Madina Milikua 2025ko urt. 7a, 19:38

Herriko erreken, basoen, mendien, etxeen zein askotariko tokien izenak batzeko hamarkadatan zehar egin diren lanen emaitzak jasoko ditu laster Oñatiko Udalaren webgunean kontsultatu ahalko den mapak. Urtarrilaren 15ean aurkeztu dute herritarren aurrean, eta jendearen ekarpenak jasotzen jarraitzea da asmoa.

Azken lau hamarkadetan hainbat izan dira Oñatiko toponimia batzeko egin diren ahaleginak. 1983an, Jose Anjel Idigorasek eta Aranzadi elkarteak elkarlanean 1.705 toponimo jaso zituzten. 90eko hamarkadan eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, Deustuko Unibertsitateak, tartean Amaia Erostarbe zegoela, egindako lanketa baten ostean beste 977 toki-izen batu zituen. Orain, horiei guztiei  beste 173 izen toponimiko gehitu zaizkie, denera 2.855 izeneko bilduma osatuz. Toponimoak batu bakarrik ez, laster herritar orok kontsultatu ahalko duen mapa interaktibo batean ere kokatu dituzte, gainera.

"1983 egin zituzten mapen digitalizaziotik abiatuta, osatze eta bateratze prozesu batean murgilduta ibili gara azken urte eta erdian. Helburua, gainera, zerrenda aberasten jarraitzea da, etxeetan eta baserrietan elkarrizketa sortzea. Uste dugu hauxe dela momentua; belaunaldi asko aurrera doaz eta oraindik ere jendea bizirik dagoela baliatu gura izan dugu saiakera sendo bat egiteko", azaldu du Iñaki Olalde Oñatiko Udaleko Kultura batzordeburuak.

Kontsultak eta ekarpenak egiteko aukera

Emun enpresako Elias Zumalde oñatiarrak izan du orain arte batutakoen bilketa egin eta izen berriak gehitzearen ardura. Oñatiko Udaleko Euskara teknikari Xabier Zabaletaren esanetan, "patxada, denbora eta informatzaile onak" eskatzen dituen lana: "Lehenengo, auzo bakoitzean informatzaile onak identifikatu behar izan ditu eta bizpahiru topatzean, hainbat bilera egin ditu orain arte jasotakoak berrikusi eta toponimo gehiago jasotzeko".

Guztira identifikatuta dauden 2.855 toponimoak, esan bezala, laster edozein herritarrek udal webgunean kontsultatu ahalko duen mapa interaktibo batean kokatu dituzte. "Teknologia berriek ematen dituzten aukerei esker, toki-izen bakoitzari buruzko informazioa egongo da. Bilatzaile bat ere jarri dugu, hizki gutxi batzuk jarrita toponimoen zerrenda bat erakutsiko duena: bakoitza zein auzotan dagoen esateaz gain, gainean klikatuz gero mapan duen kokalekura eroango du erabiltzailea", azaldu du Landa Garapeneko batzordeburu den Xabier Igartua zinegotziak. Mapak, gainera, aukera emango du herritarrek akatsak zuzentzeko edo ekarpenak egiteko: "Jendeak proposamenak bidaliko ahalko ditu. Horiek aztertu egingo ditugu eta ondo iruditu ezkero, mapan gehitu".

Aurkezpena, urtarrilaren 15ean

Oñatiko Udalak urtarrilaren 15ean, 18:30ean eta Kultur Etxean, aurkeztuko die proiektua eta mapa herritarrei. "Erremintak nola funtzionatzen duen azalduko dugu, baita ekarpen berriak nola egin ere"; azaldu du Iñaki Olaldek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak