Sei ekarpen egin ditu EAJk, "Udal Gobernuaren aurrekontu proposamena osatzeko"

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko abe. 17a, 08:38

"Oñati hobea, inklusiboagoa eta konektatuagoa eraikitzea" gura du EAJk eta egindako proposamenak EH Bilduk egindakoak osatzeko direla dio. Musika eskolaren proiektuari heltzea, Elorregi arteko autobus zerbitzua aldi baterako jartzea, informazio pantailak jartzea eta Kontzejupetik aldizkariaren gaztelaniazko bertsio digitala eskuragarri jartzea dira proposamenetako lau.

Udal Gobernuak 2025erako egindako aurrekontu proposamena "osatzeko" sei ekarpen egin ditu EAJ-k. Amaia Erostarbe Letamendi udal bozeramaileak azaldu duen moduan "konpromisoa" dute "Oñati irisgarriagoaren, jasangarriagoaren eta aukera berrien aldekoa egiteko, Udal Gobernuarekin eta herritarrekin elkarlanean".

Ogasuneko batzordekide den Xabier Mugarza Aiastui jeltzaleak azaldu ditu zer sei proposamen egin dituzten eta zergatik. "Oñati eta San Prudentzio arteko konektibitatea hobetzeko autobus linea bat jartzeko proposamena egiten dugu berriro, oraingoa aldi baterako jartzea proposatuz. Aldundiak 2025ean berrantolatuko ditu autobus lineak eta bitartean funtzionatuko luke linea horrek. Uste dugu hiriburuak eta beste herri batzuk Oñatirekin lotzeko geltoki printzipala dela Elorregikoa. Beste proposamen bat da herriko puntu batzuetan, plazan, Eltzian edo San Martinen, adibidez, pantaila digitalak instalatzea herritarrekin komunikazioa hobetzeko. Santa Ana antzokian badago bat, baina gehiago jartzea ondo legokeela iruditzen zaigu, horrelako pantailak jartzea aurrez lanketa eginda erabakitako puntuetan, Udalaren zein herri eragileen informaziorako. Beasainen badaude, esaterako, horrelakoak jarrita. Bestalde, musika eskola berriaren proiektuari heltzea ere gura dugu. Hiru urte dira martxan jarri zela baina ez da ezer egin.
Eltzia eraikinean gimnasio osagarri bat jartzea da beste proposamen bat. Zubikoakoa bete egiten da eta Olakua edo San Lorentzon bizi den jendeak hura erabiliz gero ibilgailuak ere murriztuko lirateke erdigunetik. Pandemian egon zen gimnasio bat han, eta horixe berreskuratzea da ideia. Eltzia parean, barandilla bat jartzearen beharra ere ikusten dugu errepidearen eta jolaslekuaren artean: segurtasuna bermatzeko eta istripuak saihesteko neurri bat da. Eta seigarrena da Kontzejupetik udal aldizkariaren gaztelerazko bertsioa eskuragarri jartzea online. Badakigu euskararen normalizazioaren alde aldizkari horrek egiten duen lana, baina ez dugu uste kontrara doanik, biak osagarriak direla uste dugu. Herritarrengandik jasotako eskaera bat da".

Erostarbek gaineratu du helburua "argi" dutela "Oñati hobea, inklusiboagoa eta konektatuagoa eraikitzea. Proposamen hauek lan etengabe baten eta gure herriaren benetako beharrizanekin hurbileko elkarrizketa baten emaitza dira. Gure helburua, aurrekontu bakoitzeko euro guztiak, Oñatiko etorkizunaren alde inbertitzea da". Etorkizunera begira jarritako proposamenak ere badirela adierazi du: “Lana eta entzute aktiboa izango dira elkarlanean aurrera egiteko ditugun bide nagusiak. Proposamenak ez diete erantzuten bakarrik egungo beharrei; etorkizunari ausardiaz eta arduraz ere begira daude. Udal Gobernuari benetako elkarlana eta eraginkorra eskaintzen diogu. Badakigu EH Bilduk gehiengo osoa duela herrian, baina, elkarrekin, Oñati anitza eta hobea eraiki
dezakegu".

Duela aste pare bat aurkeztu zien proposamenak Udal Gobernuari eta negoziazio fasean daudela orain adierazi dute jeltzaleak. Aurrekontuak urte barruan, abenduko osoko bilkuran normalean, onartu ohi izan dituzte Oñatin, baina aurten ez da horrela izango, datorren urtean onartuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak