Parekidetasuna, jasangarritasuna, inklusioa eta ekarpen soziala oinarri hartuta 26 ekintza eraman dituzte aurrera, eta balorazioa "oso positiboa" da: "Gogorra izan da, lan asko egon da, gorabeherak izan ditugu, baina orokorrean balorazioa bikaina da", adierazi du Aintzane Agirrek.
Urteurrenak askorako balio izan duela azaldu du Aratz Losadak, baita kluba indartzeko ere: "Hamalau sailen arteko lotura sendotzeko, klub garrantzitsua dugula ikusteko, erreferente garela ohartzeko, harrokeria barik baina harrotasunez esateko Gipuzkoan eta Euskal Herrian oso gutxi daudela horrelakoak, eta hau zaindu egin behar dela. Osasuntsu gaude, baina honaino iritsi gara jende askok lan egin duelako, eta aurrera begira ere horrela jarraitu beharko dugu".
Irailaren 20koa, "ahaztezina"
Asko eta askotarikoak izan dira urteurren-ekintzak, baina bereziki gogoangarria izan zen irailaren 20an plazan mila lagunetik gora elkartu zituena: "Gure planteamenduaren arabera, herriari eskerrak emateko antolatu genuen festa bat izan behar zen. Baina azkenean ez dakit herriak guri eman zizkigun eskerrak edo nola izan zen. Gu, taldekideok, oso hunkituta geratu ginen herriko jende eta eragileen erantzunarekin", adierazi du Aintzane Agirrek. Eta Aratz Losadak gaineratu du ametsik handienean ere zaila zela "hain handia" izango zela iragartzea: "Oñatikoak garenok eta Aloña Mendikoak garenok ez dugu urte askoan ahaztuko. Hor gauzatu genuena lortu ahal izatea amets bat izan da, oraindik ere kosta egiten dena sinistea".
Azken "kapritxoa"
Aldizkari bat da, urteurren ospakizunei itxiera emateko ateratakoa. Urtean zeharreko ekintzak biltzen ditu -argazki eta testu bidez-, ezkutuaren diseinu berriaren nondik norakoak, edota sail bakoitzaren informazio praktikoa. "Gordetzeko aldizkari bat da, urteekin gero eta balio handiagoa hartuko duena", azaldu du Losadak. Gabon jaien atarian -datorren astean- banatuko dute etxez etxe, doan.
Agerraldia amaitzeko, esker hitzak izan dituzte "inguruan" ibili diren guztientzat eta, batez ere, Aratz Losadarentzat, "bere laguntza, indar eta grina barik ez zelako posible izango urteurren hau aurrera eramatea", Agirreren hitzetan.
Orain atseden hartzeko unea da.