Jakoba Errekondo: "Gure elikadurarekin ari gara gizartea eraikitzen"

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko abe. 10a, 10:24

Jakoba Errekondo.

Oñatiko Elikadura Taldeak abendurako antolatutako jardunaldien barruan, 'Agroekologia eta etxeko ortua' izeneko hitzaldia egingo du Jakoba Errekondo Saltsamendik (Usurbil, 1961) bihar, hilak 11, zinema-aretoan, 18:30ean.

Nori zuzenduta egongo da hitzaldia?

Ortua dutenendako eta izan nahi dutenendako. Nola hobetu azalduko diet batzuei, eta oinarrizko aholku batzuk eman besteei.

Zer izan behar dute kontuan bigarren horiek?

Ortua izango dugun lurra, tokia, ezagutu behar da lehenbizi: ongarri naturalak erabili, bertako haziak erein, erremintak ondo ezagutu... Eta erraz haziko diren barazkiak landatu: piperrak, berakatza, patata eta marrubiak, adibidez. Tomateak izan gura ditu mundu guztiak etxeko ortuan, eta helduko dira, baina landare errazagoekin hastea da nire aholkua.

Bertako produktuen aldeko aldarria entzuten da, baina gero, kontsumitzen dira?

Gero eta gehiago, esango nuke. Kontsumo taldeak, azokak eta zuzeneko salmentak horren adibide dira. Bestalde, kontzientzia badago, eta hori ere asko da. Kontzientzia jaten duguna bertakoa eta osasuntsua denaz, eta kontzientzia lehen sektorearen garrantziaz. Baserritarrek zaintzen dute ingurugiroa, euren lanak definitzen du zer ur, lur, baso edo aire izango dugun. Ditugun paisaiak ere eurek marrazten dituzte; polita iruditu eta argazkiak ateratzen dizkiegun paisaia kulturalak.

Zenbaterainoko garrantzia du bertakoa kontsumitzeak?

Izugarria. Gure elikadurak kalitatea izango duelako, gure osasuna eta bizimodua nolakoa izango den esango digulako. Elikadurarekin ari gara gizartea eraikitzen. Garrantzi izugarria du zer jaten dugun eta non eta nola ekoiztua dagoen.

Zer gehiago ematen du ortuak?

Denbora. Landare bat landatu eta hazten doan heinean ikasi egiten da. Abenduan landatutako letxuga, adibidez, apirilean egongo da jateko moduan. Lau hilabete dira horiek, eta beharrezkoa duen denborak pentsarazten digu lan horrek, produktu horrek, duen prezioan; alegia, duen balioan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak