Aurkezpenean azaldu dute Aixotu aizkora edo beste edozein erreminta edo lanabes zorroztea dela, eta horretan ari direla taldekoak apiriletik: "Apiriletik gabiltza erremintak prestatzen, lurra aztertzen eta lantzen, orain lanari ekin eta haziak ereiteko, etorkizunean fruitua jasotzeko asmoz", azaldu dute.
Euskararen kontrako "erabaki eta eraso judizial eta politikoak" egunero jasaten direla adierazi dute eta hauxe gaineratu: "Estatu espainiar eta frantsesak haien hizkuntzak inposatzeko eta geure berezko hizkuntza ordezkatzeko ahaleginean dihardute. Jendartean ere euskararen aldeko jarrerak indarra galdu duela dirudi, eta geroz eta interes gutxiago erakusten dugu geure hizkuntza eta kulturarekiko. Bizi garen mundua guztiz erdalduna da, eta euskaltzaleok asimilaziorako joera eten beharra daukagu".
Euskararen "biziraupen osasuntsua bermatu eta indartzeko", ordea, euskararen aldeko neurri eta politikak behar direla azpimarratu dute; euskararen erabilerak lehentasunezko gaia behar duela izan. Hori du helburu Euskal Herrian Euskaraz Elkarteak, eta harekin elkarlanean ari da Aixotu ere, nahiz eta Oñati euskalduna duten helburu, batez ere.
Abenduaren 7ko manifestaziorako deia
Durangon abenduaren 7an egingo den manifestaziora joatera gonbiratu dituzte herritarrak: "Azkenaldian, jasaten dugun nazio-zapalkuntzaren baitan, epaitegietalik, komunikabideetatik zein hainbat kolektiboren diskurtsotatik datozen euskararen kontrako erasoaldi eta oldarraldiak salatu, eta bizi dugun hizkuntza-larrialdiaren aurrean, herri euskaldun eta burujabea nahi eta behar dugula aldarrikatuko dugu. Horregatik, euskaltzale guztiok animatu nahi zaituztegu abenduaren 7an Durangora. Euskarak behar gaitu".
Herritarrak taldera batzeko gonbidapena
Oñatiko euskaltzale guztiak animatu nahi izan dituzte Aixotu taldera, "herritar guztion ekarpenak eta elkarlana behar ditugu, etorkizunean ere Oñati euskalduna nahi badugu", esan dute.
Bertsoak eta hitzaldia
Aurkezpenaren ostean, Uxue Igartuak bertso bitartez egin dio ongietorria Aixotu taldeari.
Eta ostean, Euskal Herrian Euskaraz elkarteko Luken Etxabek hartu du hitza.
Bukatzeko, emanaldi akustikoa eskaini dute Uxue Igartuak eta Joane Arkauzek.