Euskara hauspotzeko eta herrian eragiteko, Aixotu

Julen Murua Mesonero 2024ko aza. 29a, 17:15

Aixotu euskara taldeko kideak, Antixenean.

Azkenengo euskara taldea desagertu eta hamabost urte geroago sortu da talde berria: Aixotu. Gaia "arlo politiko-sozialetik" landuta, euskara hauspotzea eta jasan dituen erasoei aurre egitea dute helburu. Abenduaren 3an izango da aurkezpena.

Hamabost urte igaro eta gero, Oñatik badu euskara elkarte berria. Apirilean, Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak antolatutako Harrotze Astearen baitan, "euskararen alde egiteko" sortu zuten Aixotu, bertako kide Iñigo Madinaren hitzetan, "euskara jasaten ari den erasoei eta oldarraldiei aurre egiteko eta, bide batez, Oñatiko erabilera hauspotzeko helburuarekin".

15 urte igaro eta gero

Laixan izan zen Oñatin eragiten zuen azkenengo euskara taldea, baina, desagertu zenetik 15 urte igaro diren honetan, Aixotukoek euren bidea egitea dute helburu: "Aspalditik, taldeko kide batzuen artean hitz egiten genuen bazegoela euskara talde baten beharra herrian. Bileretan askotan atera da Laixan taldearen izena, baina egia da taldeko kideok dugun adinagatik ez garela iristen Laixan erreferente moduan izatera, ez dugulako askorik ezagutu. Gure bidea egin nahi dugu".

Gazteengan eragiten

Taldearen helburua Oñati osoan eragitea bada ere, badago helburuko publikotzat hartzen duten adin tarte bat; izan ere, Madinak dioenez, "egin diren ikerketetan ateratako datuen arabera, Oñatiko erabilera, beste herri askorekin alderatuta, altua da; baina, hala ere, ikusten dugu jaisten ari dela. Batez ere, gaztetxoenen artean. Euskaraz dakitenen kopurutik erabiltzen dutenen kopurura badago aldea, eta horretan ere eragin nahi dugu. Etorkizunera begira, gazteek garrantzi handia dute, eta, taldeko kideok ere gazteak garela kontuan hartuta, hor eragiteko asmoa dugu".

Aurkezpena, 3an

Urte erdi baino gehiagoz proiektu horren bueltan lanean ibili ostean, Euskararen Egunean, abenduaren 3an, aurkeztuko dute Aixotu euskara elkartea, Antixena gaztetxean, 18:00etan. Aurkezpenaz gain, euskararen egoeraren eta horren gainean izandako bizipenen bueltako solasaldia egingo dute Gorka Torre eta Luken Etxabe Euskal Herrian Euskaraz mugimenduko kideek. Aurkezpenaren eta solasaldiaren ostean, kontzertu akustikoa emango dute Uxue Igartuak eta Joane Arkauzek.

Talde irekia

Madinak jakinarazi du Aixotu euskara taldea "irekia" dela eta "Oñatin euskara talde bat sortu dela entzun duen eta taldean egon nahiko lukeen inor balego", ez dutela "aterik itxiko" eta guztien ekarpenak izango direla "ongietorriak". Madinak dioenez, taldean egon gura duten haientzat "aurkezpenaren eguna izan daiteke momentu aproposena bertara joan eta Aixotu taldeko kideetako batekin hitz egin ahal izateko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak