Ulma Taldearen Euskara Planak 20 urte bete ditu

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko aza. 29a, 15:30

Ulmako euskara batzorde baten bilera. (Argazkia: ULMA).

Kooperatiba bakoitzak bere euskara plana du, eta talde mailan ere euskara batzordea dute. Urtez urte egiten ari diren lanaren ondorioz, euskarak geroz eta pisu handiagoa lortu du enpresan, eta abenduaren 3an ospakizuna egingo dute Arantzazun.

Aurten 20 urte bete dira Ulmak bere lehen Euskara Plana martxan jarri zuenetik. Egun, kooperatiba bakoitzak bere euskara plana du eta talde mailan ere euskara batzordea dute. Bertan, negozio bakoitzeko kooperatibetako ordezkariek hartzen dute parte. Batzorde horrek garatzen eta koordinatzen du Ulma Talde mailako Euskara Plana, Emun aholkularitzaren laguntzarekin.

Diote horrela lortzen dutela "euskararen erabilera eta presentzia modu koordinatuan bultzatzea" Ulma Taldean.

Taldekoek adierazi dute, gainera, egindako lanaren eta hizkuntzaren egoeran "eragin zuzena" izan dutela azken bi hamarkadetan izan diren "egoera sozioekonomiko, zailtasun zein urte onek" ere. Hasierako urteetan kooperatibista euskaldun eta euskaltzaleen militantzia ezinbestekoa izan zen. Ondoren etorri zen euskararen inguruko lanketa erakundetzea; gestio planetan euskara helburuak sartzea, hizkuntza irizpideak zehaztu eta negozioetara pasatzea eta euskara planetako arduradunak euskara batzordeetako kide eta lehendakaria izatetik pertsonen arduradunak izatera pasatzea. Haien guztien "esfortzu eta inurri lana" azpimarratu nahi izan dute.

Hainbat datu bilakaeraz

2008an, euskaraz ulertzen zutenak %84 ziren Ulman; 2023an, aldiz, %95ek ulertzen zuten. Ahozko erabilerari dagokionez, berriz, 2008an %52koa zen, eta, iaz 10 puntu gehiagokoa –%62koa– . Batzar nagusien eta bilera informatiboetako euskararen erabilera ere neurtzen da urtez urte. 2004an, batzar informatiboen %4 soilik egiten zituzten euskaraz, eta aurten, bilera horien %40 egin dituzte euskaraz. Batzar nagusiei dagokienez, berriz, duela 20 urte, hitz egiten zenaren %7 egiten zuten euskaraz; eta aurtengoetan %76 egin dituzte euskaraz.

Gainera, aurten Ulma Taldeak Bai Euskarari saria jaso du alor sozioekonomikoa euskalduntzean eta euskara sustatzeko egindako lanagatik.

Ospakizun eguna

Egindako bidea ospatzeko eta Euskararen Eguna aprobetxatuz, Ulma Taldeak ekitaldia antolatu du abenduaren 3rako, Arantzazuko Gandiaga Topagunean. Azken 20 urteetan Ulman euskarari bere lekua emateko egin denaz, lortu denaz, bidean gelditu denaz eta datorren 20 urteetan egin nahi eta behar denaz hitz egiteko eta hausnartzeko tartea izango dute bertan. Ulma Taldeko lehendakari Ibon Calvok hauxe adierazi du: "Oñatiko kultura eta izateko era euskararekin bat doaz. Ulma eta Oñati ezin dira banandu, ezta Ulma, Oñati eta euskara ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak