Gakoak euskara aktibatzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko abe. 2a, 15:00

Herritar bat gidaliburua eskuetan duela.

"Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia" da gidaliburua. Helburua da ikusaraztea Euskaraldiaren antolaketa ez litzatekeela mugatu behar hamaika egun horietara, baizik eta bide horretan erabilgarriak izan daitezkeen proposamenak jasotzen ditu.

Euskara aktibatzaileendako gidaliburua atera du Euskaraldiak, "Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia". Gidaliburuaren helburua da ikusaraztea Euskaraldiaren antolaketa ez litzatekeela mugatu behar hamaika egun horietara, baizik eta ikuspegi zabalagoa eta arnas luzeko ikuspegi bat erantsi beharko litzaiokeela ekimenari, eta bide horretan erabilgarriak izan daitezkeen proposamenak, gakoak, jasotzen ditu liburuxkak.

Arrasateko adibidea

Kike Amonarrizek egin du gidaliburua, eta, haren ustez, "Euskaraldiak bere helburuak betetzeaz gain", izan beharko luke aukera bat, helduleku bat, baliabide bat, tokian tokian –auzoetan, herrietan, bailaretan– euskararen aldeko mugimendua indartzeko eta egonkortzeko. "Gida horren helburua da mugimendu hori nola zabaldu eta zaindu daitekeen proposamen bat egitea Euskaraldiari begira, baina, batez ere, ekimen horretatik harago".

Amonarrizek adierazi duenez, garrantzi berezia ematen diote Euskaraldiaren antolaketari eta prestaketari, eta mailaketa bat egiten dute. "Batetik, badago gune zentral bat, antolaketan buru-belarri ari direnak osatzen dutenak. Antolaketa hori ahalik eta zabalena eta osatuena izateari garrantzia ematen diogu, baina baita gune horretatik sortuko diren beste talde edo eremuei ere. Adibidez, bigarren geruza bat sortzen da hortik, euskara aktiboenak osatzen dutena, baina haiek laguntzaileak behar dituzte aurrera egiteko, eta haiek izango dira bai Euskaraldiaren mezua eta bai hizkuntza biziberritzeko mezua zabalduko dutenak herri bakoitzeko ahalik eta gizarte eragile eta erakunde gehienetan".

Adibide bat ere eman du Amonarrizek: "Demagun Arrasaten hamar edo hamabi lagun ibiliko direla Euskaraldia antolatzen. Haiek behar dute 50 lagunek osatutako geruza bat euskaltzalea dena, pertsona inplikatuak, eta haiek lortu behako luketena da bakoitza 10-15 pertsonarekin egotea, kafea hartzea, hitz egitea, haiek ilusionatzea, gero pertsona horiek bakoitzak bere kuadrillan, lantokian edo elkartean mezua zabaltzeko eta Euskaraldiaren berria normalean iristen ez den tokietara ere iristeko". Horrek lor dezakeenaren kalkulua ere egin dute Euskaraldian lanean dihardutenek: "Kalkulatzen dugu Euskal Herrian lortu ahal izango genukeela Euskaraldiaren mezua 200.000 eta 400.000 pertsona artera zuzenean heltzea, nahiko modu errazean".

Harreman pertsonalak, "ezinbestekoak"

Hizkuntza ohituren aldaketak lortzea da Euskaraldiaren helburua, eta, hori iparra bada, harreman pertsonalak ezinbestekoak direla uste dute, mezua mugimendu sozial zabal batera iristeko. "Ez da nahikoa postak edo whatsapp mezuak bidaltzea, harreman pertsonalak beharbeharrezkoak dira helburua lortzeko, jendearengana iristeko. Eta gidaliburuan asko sakontzen dugu harreman horiek nola bideratu, eraginkorrak izateko zer puntu hartu behar diren kontuan azpimarratzeko eta proposatzeko zer den zaindu beharrekoa pertsonekiko harremanetan. Horretarako irizpide batzuk daude jasota liburuan, askorendako oso ezagunak izan daitezkeenak batzuk, baina beste batzuendako berrikuntzak ekar ditzaketenak", dio gidaliburuan parte hartu duen Kike Amonarrizek.

Gidaliburuak zortzi ideia eta proposamen jasotzen ditu, Euskaraldiaren ekinbidea sustatu eta "euskara aktibatzaile" izan nahi dutenendako "erabilgarriak" izan daitezkeenak. Eta zortzi mugarri zehazten ditu: jarrera aldatu, harremanak sortu, sare bat irudikatu, sare bat osatu, taldearen funtzionamendua finkatu, ekintzak antolatu, Euskaraldia antolatu eta indarberritu. Behin zurrunbiloa igarota ere, harremanei "eutsi" egin behar zaiela dator azken gako horretan; adibidez, "antolatzaileen taldea zaindu egin behar da". Ekimenaren aurrean izan beharreko jarrerari buruz, berriz, aldatzea gomendatzen du liburuak: "Kexatzea edo etsipenean erortzea baino askoz hobea da mugitzea eta antolatzea. Horixe da, Euskaraldiari begira, geure buruari jarri diogun zeregin nagusietako bat: ingurukoak hauspotzea". Sarea ere bada beste mugarri bat, eta horri buruz liburuak dio euskalgintza jende mota jakin batendako bakarrik den estereotipoa gainditu egin behar dela: "Asko eta askotarikoak gara euskaldunak eta euskaltzaleak".

Hasi dira lanketak

Irailean aurkeztu zuten gidaliburua, Euskaraldiak ondutako gida praktikoa, Eibarren, eta Euskaraldiaren antolaketan ibili diren edo ibiliko diren boluntario, teknikari eta eragileek herritarren aktibaziorako modu eta molde berrien proposamenak entzun zituzten zuzenean; Euskaraldiaren mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko, ekintzak antolatzeko eta indarberritzeko hainbat gako.

Gidaliburua bera osorik kontsulta daiteke Interneten, baina ale fisikoak ere atera dituzte, Euskal Herri osoan banatzeko. Euskaraldiaren testuinguruan parte hartuko dutenen artean zabaltzea da asmoa, ideia zabaltzeko. "Hala ere, guk transmititu gura dugun mezua da Euskaraldia ez dela kanpaina huts bat, ez dela hamaika egunera mugatzen den ekimena bakarrik. Epe luzerako proposamena da, euskararen mugimendu soziala indartzera datorrena, gidaliburu hau da gizartearen aktibazioa lortzeko ahalegin, proposamen bat, Euskaralditik harago ere erabili behar dena", dio Amonarrizek. Euskaraldian euskara aktibatzaile izateko ideiak gura dituenak gidaliburua irakurri dezake, ekimenarekin bat egin eta hizkuntza ohiturak aldatzen laguntzeko. Maiatzaren 15etik 25era izango da Euskaraldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak