Arantzazuko eta Araotzeko aparkalekuak monitorizatuko dituzte

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko aza. 22a, 14:07

Arantzazuko eta Araotzeko aparkalekuak monitorizatu egingo dituzte. Hau da, haraino iritsi aurretik panel batzuk egongo dira aparkalekuetan tokia dagoen edo ez adieraziko dutenak: Azkoagainen eta Urtiagainen egongo dira panel bana eta semaforo bat Jaturabeko zubian. Usakon ere lanak egingo dituzte ingurua txukuntzeko eta lehengoratzeko.

Oñatiko Udalak uste du turismoa bultzatzen den beste egin behar direla herrira ekarri ahal dituen kalteak saihesteko ekintzak, eta horren barruan sartzen da Arantzazuko eta Araotzeko aparkalekuak monitorizatzeko eskuartean duen proiektua. Ikusita, gainera, handitzen doala turismoa barrualdera iristeko joera, sor daitezkeen kalteei aurre hartzeko ahalegin bat da proiektu hau. Horrela, argi berdea eta gorria izango duten informazio panelak jarriko dituzte Azkoagainen eta Urtiagainen eta semaforo bat Jaturabeko zubian, Arantzazuko eta Araotzeko aparkalekuetako tokia neurtzeko.

Urtiagaineko bidegurutzean eta Arantzazu sarrerako santutxuaren parean lazo magnetikoak jarriko dituzte lurrean, ibilgailuak pasatzen direnean jakiteko aparkalekuan lekurik gelditu den, panel informatiboen bitartez hori adierazteko. Kamerak ere jarriko dituzte aparkaleku gunetan eta Araozko ostatu inguruan; baina web kamaren modukoak izango dira, ez zaintzakoak. Udaltzainek ere kamara bidez jarraitu ahal izango dute egoera eta isunak jarriko dituzte semaforo gorriari kasu egin ez eta bide bazterretan ibilgailua aparkatzen dutenei. Aste Santuan, udan, eguraldi ona egiten duen edozein zubitan edo elurra denean sortzen diren egoerak hobeto kontrolatzeko izango dira lagungarri kamara horiek.

Datorren urtean egingo dituzte lanak eta abuzturako bukatuta egotea da aurreikuspena, baina Araotzen, esaterako, hasita daude aurreko lanak egiten. Argindarra eta internet sarea falta da aparkaleku gunean eta Udaleko brigadako langileak dabiltza zuloa egiten Arrrikrutzeko kobetako sarreratik ekarriko duten argindarra eta sarea sartzeko.

Usakon ere esku-hartzea

130.000 eruko aurrekontua izango du proiektu horrek eta Europako Next Generation funtsetik ordainduko da ehuneko ehunean, turismo jasangarrirako Udalak lortutako diru laguntza horrekin. Baita Usakon egin gura duten esku-hartzea ere.

Usakon egitea gura dena da gauza berriak sartu barik, txukuntze lanak egin paisaiarekin bat eginez. Abididez zaharkituta dauen heldulekuak aldatu eta berriak jarriko dira errekara jausteko arriskua dagoela ikusten den gunetan. Zuazolako zubitik putzura bitarteko bidexka ere konponduko da eta komuna egurrez forratuko dute. Lan txiki horiez gain, putzu ondoko berdegunera zuzenago iristeko bidea egingo dute ondoko zelaitik, besteak moduan Udalarena da orain eta. Bergunetan mahaiak jartzeko proposamena ere aztertu zuten proiektua egin dutenek, baina aukera hori baztertu egin zuen Udalak hasieratik, den bezalakoa mantentzearen alde eginaz, zainduz.

100.000 euroko aurrekontua du Usako lehengoratzeko proiektuak eta udarako lanak bukatuta egota da aurreikuspena. Paraleloan joango dira, bestalde, Torreauzotik Usako sarreraraiko joango den bidegorriaren lanak; hori ere udarako bukatuta egotea gurako lukete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak