Bizi Hadi kirol talde inklusiboa aurkeztu dute Oñatin

Goiatz Arana Begiristain 2024ko aza. 16a, 17:26

Eguerdian egin dute aurkezpena, Gaztelekuan, eta taldearen izaera inklusiboan jarri du azpimarra Aitor Rementeria lehendakariak: "Desgaitasun ezberdinak ditugun pertsonentzat, edonorentzat, ateak zabalik dituen taldea da, guztiok dugulako desgaitasunen bat. Baina, batez ere, desgaitasun fisiko edo psikikoak dituztenei laguntzera bideratutako taldea da".

Atxintxika triatloi taldeko sail bateko kideak izan dira orain arte, baina aurrerago joan nahi izan dutela adierazi du: "Gisa horretako egitura baten barruan funtzionatzeak baditu muga batzuk eta, gainera, uste dugu talde moduan -talde inklusibo moduan- sortuta, lan egitea ere errazagoa izan daitekeela, egokituei zuzendutako kudeaketa baten bitartez. Horregatik eman dugu jauzia, errazagoa delako borrokatzea talde osotasunean, sail bat izanda baino".

Duela sei urte hasi ziren lehen pausoak ematen eta gaur egun dauden tokira heltzea ezinezkoa litzateke bazkide eta babesle barik. Kirolari eta laguntzaile artean 20 lagun inguru dira, guztira, eta 123 bazkide: "Euren ekarpenak berme bat ematen digu urtero diru-sarrera bat edukitzeko, izan gurpildun aulki bat erosteko edo fisioterapia saioetarako; guztia, proiektuan inbertitzeko".

Materiala utzita, lasterketetan laguntza eskainita... taldeak baliabideak ipintzen ditu kirol egokituan dabilen eta beharrak dituen jendearen eskura. Izan ere, proiektu berri honen bitartez inklusioa sustatu nahi dute eta, batez ere, kirolaren bitartez osasunerako hobekuntzak lortu. Ikastetxeen bidez gaztetxoei kirolaren balioak erakustea edota ospitaleetan euren metodologia erabiltzeko aukera  badagoela ikustaraztea ere badira asmoak.

Lau sail dituzte, gaur gaurkoz -igeriketa, txirrindularitza, atletismoa eta triatloia- eta, etorkizunera begira, ez dute baztertzen beharren arabera sail berriak sortzea ere.

"Atzera egitekotan, indarra hartzeko"

Taldearen izenari eta logoari buruz galdetuta, Rementeriak dio ahariaren irudia aukeratu dutela ahariek tope egiteko atzera egiten dutelako lehenengo indarra hartu eta aurrera egiteko, eta eurek ere atzera egitekotan horretarako egingo dutela. Izenari dagokionez, berriz, bizitzeko gogoa dutela azaldu du.

Datozen probei dagokienez, Aretxabaletako San Silbestrea eta Oñatiko duatloia aipatu ditu, froga inklusiboak izango direla biak ala biak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak