Plana egingo dute, alde zaharra biziberritzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko aza. 14a, 14:05

Hirigintza ikuspegitik ez ezik, sozioekonomiatik ere landuko dute gaia, eta etxebizitzak, komertzioak, biztanleak, argiteria eta gune berdeak dira kontuan hartuko dituzten irizpideetako batzuk. Eremua zehaztuko dute eta diagnosia egiten hasiko dira.

Herriko alde zaharra biziberritzeko eta berroneratzeko plana egiten hasi da Oñatiko Udala. Alde zaharraren egungo egoera aztertzeko, diagnosia egingo dute lehen fase honetan: etxebizitzak, komertzioak, eraikinak zein biztanleak hartuko dituzte kontutan, besteak beste.

Etxebizitza hutsak ere bai

HAPOk herriko hirigune osoa hartzen du –landa eremuak, erdigunea eta lur zoru ez urbanizagarriak–, eta berroneratze planak alde zaharra hartzen du. Udal bakoitzak erabakitzen du zer sartzen den eremu horretan; Oñatiren kasuan, Kale Zaharrarekin batera baita Kale Barria, Atzeko kalea, Portu, Kantonoste eta Ramon Irizar, adibidez, baina zehaztu egin behar dute. Plan horrekin legediak laguntzen du eremu barruko lizentziak edo birgaitzeak Aldunditik pasa barik tramitatzen, adibidez, baina hortik harago joango da Oñatin egingo dute plan integrala, Udaleko Hirigintza batzordeburu Iñigo Ruiz Barronek azaldu duenez: "Etxebizitza eta komertzio hutsen gaia landuko da eta kapa asko izango dituen proiektua izango da: arkitektura, irisgarritasuna, hirigintza, zer-nolako pertsonak bizi diren, zenbat gune berde dauden, zerbitzu aldetik zer behar dituen...". Lanketa zehatz bat aipatzearren, etxebizitzaren arazoa landuko dute plan horretan. Etxebizitza huts asko daude herriko alde zaharreko eremuan; horietako asko, hutsik eta zaharkituta dauden eraikinetan. Plan horrekin, egungo arau subsidiarioetan dauden mugak malgutu ditzaketen edo ez aztertuko dute, egoera horretan dagoen etxebizitza bat erosteko edo konpontzeko kostua txikiagoa izan dadin saiatzeko.

Sozioekonomiatik

Alde zaharra berroneratzeko, biziberritzeko, planeko lehen fasea hasi du dagoeneko Udalak. Enpresa batek egingo du egungo egoeraren diagnosia, baina ez bakarrik hirigintza ikuspegitik: "Aprobetxatu gura dugu momentu hau sozioekonomiatik ere aztertzeko, adibidez. Ikusi gura dugu dendariek eta ostalariek nola bizi duten arazoa eta zein konponbide eman dakiokeen. Oinordetza transmisioa ere landu gura da, esaterako". Lana epe luzekoa izango dela aurreratu du Ruizek. Datorren urtean lehen fasea egiten ibiliko dira. Lanak teknikariek gidatu- ko dituzten arren, parte-hartze prozesu bidez bizilagunekin eta dendariekin landuko dute gaia. Bigarren fasea ekintza planetan sartzea izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak