Mugarriak digitalizatzen dabil Oñatiko Udala

Gontzal Belategi Zubia 2024ko aza. 13a, 16:24

Mugarriak digitalizatzeari ekin dio Oñatiko Udalak, katastroa erabat zehaztuta izateko. Etorkizunean suertatu daitezkeen liskarrak ekiditea da proiektuaren helburua, lur-jabeak adinean gora doazelako eta ondorengoetako askok ez dutelako beraien lurren mugak zeintzuk diren ezagutzen. Lehen lur-jabeei dagokien txostenak eman dizkiete Santa Ana antzokian.

Oñatiko Udalak herriko lur sailak digitalizatzen dabil, eta lehen lur jabeei dagozkien txostenak eman dizkiete Santa Ana antzokian. "Katastroak bere garaian partzelen gutxi gorabeherako irudi bat jaso zuen, baina irudi horiek ez dira errealak", adierazi du Xabier Igartuak, Oñatiko alkateordeak. 

Geograma izan da proiektua aurrera eramateko ardura izan duen enpresa, eta hauek, herritarrek emandako informazioa oinarri gisara hartuta, lursail ezberdinen koordenatuak atera dituzte, mugak ahalik eta gehien zehaztuz: "Lur jabeei jakinarazi zitzaien beraien lurrak eta mugakideak zeintzuk diren. Beraien artean adostasunak bilatzen eta mugarriak non dauden bilatzen ahalegindu gara. Geogramak eraman du proiektua, eta hauek, GPS posizionamendu tresna berezi batzuekin koordenatu zehatzak hartu dituzte, katastroaren eguneraketa bat egiteko, baina datu zehatzekin". Momentuz, 331 lur-jabek hartu dute parte proiektuan, eta Santa Ana antzokian jaso dituzte beraien lurren inguruko txostenak.

Arazoak ekiditeko asmoa

Digitalizazio hau jakintzaren transmisio ezak etorkizunean sor ditzakeen arazoak ekiditeko abiatu du Udalak: "Ikusi da ondorengotzan, informazio edo transmisio hori galtzen dabilela; horren jakitun diren adineko pertsonak badoazela. Bere garrantzia du oinordekotzan jasotzen den edo aldatzen den jabetza horren mugen nondik norakoak jakiteak". Bestelako arazoa ere ekidin daitezkeela dio Igartuak: "Bizilagunen arteko liskarrak ekiditeko ere balioko du".

28 poligono

Oñati 28 poligonotan banandu dute, eta momentuz, 3 poligono dira digitalizatu direnak. Poligono horietan, guztira, 1131 partzela digitalizatu dira. Honek, osotara, 513,36 kilometroko perimetroa eta 1329,35 hektareako azalera suposatzen du. Udalak proiektuarekin aurrera jarraitu, eta beste bi poligono digitalizatu nahi ditu. Bi poligono berri horietan 870 partzela daude. Hauek, 351,31 kilometroko perimetroa eta 727,46 hektareako azalera dute guztira. Poligono horien digitalizaziorako lizitazioa jarri dute martxan: “Orain lizitazioa martxan dugu, beste bi poligono egiteko, laugarrena eta bosgarrena”. 

Foru aldundiarekin arazoak

116.030 euro ordaindu ditu Udalak proiektuaren lehen zati hau aurrera eraman ahal izateko. Finantzaketari dagokionez, Igartua kexu da Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrerarekin: “Aldundiak %50eko laguntza emango zuela esan zigun, baina %20a eman du. Aspektu horretan kritikoak gara, emandako hitza ez duelako bete”. Aldundiak, 25.000 eurorekin lagundu du proiektua. Honek, zehazki, %21,6a suposatzen du. Hurrengo lizitaziorako 99.161euroko aurrekontua bideratuko du Udalak. Digitalizazio berri honetan ere, Aldundiak %20ko laguntza soilik emango duela azaldu du Igartuak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak