Arantzazuko Adiskideak elkarteak, Arantzazulab-ek eta Arantzazuko Parketxeak Arantzazuko Mikopoteoa antolatu dute hamaikagarrenez. Aurreko edizioek izandako arrakasta oinarri, urteroko formula mantendu dute: Hitzaldia eta onddoz egindako pintxo dastaketa. Arantzazuko Parketxeko arduradun den Paula Ibabek adierazi duenez, gastronomiaren bidez, aisia eta edukia uztartzea da ekimenaren helburua: "Aisialdia izateaz gain, hitzaldia antolatzen dugu jendeak onddoek zertarako balio duten eta hauen onurez jabetzeko".
Onddoak eta biodibertsiatea aztergai
Joxepo Teres Aranzadi Zientzia Elkarteko mikologo adituak izan du aurtengo hitzaldia emateko ardura. Onddoak biodibertsitatearen giltzarri ditu duen hitzaldia eman zuen, mikologiaren inguruan gehiago jakiteko gogoz bertaratu ziren herritarren aurrean. Onddoek ekosistemetan eta, oro har, biodibertsitatean duten garrantziari buruz jardun da, onddo mota ezberdinen ezaugarriak eta hauek jasotzeko gomendio orokorrak ere emanaz. Pozik agertu da Teres jasotako babesarekin: "Sentsazio onarekin atera naiz. Eman nahi nuen mezua eman dudalakoan nago, eta hori da garrantzitsuena". Horrelako jardunaldietan aditu batek hitz egin ahal izateak duen garrantzia ere azpimarratu du: "Mikopoteo hau egiten dela aprobetxatuta adituak ekartzea horretaz hitz egiteko ondo dago, horrela izan behar luke. Ea beste herrietan ere animatzen diren".
Poteo arrakastatsua
Hitzaldiaren ostean, gastronomiak hartu du Mikopoteoaren lekukoa. Iraipe Arantzazuko Santutegia Hotela, Goiko-Benta, Sindika eta Zelai-Zabal jatetxeen eskutik, onddoz egindako bost pintxo ezberdin dastatzeko aukera izan da. Hainbat herritar bertaratu dira Arantzazura, eta lau jatetxeak lepo bete dira. Jendeak pozik hartu du egitasmoa, eta pintxoak ezin hobeak daudela adierazi dute.