Ez dira gutxi Euskal Herrian bizi diren katalanak, eta aldi berean ez dira gutxi inoiz Katalunian bizi izandako euskaldunak. Bi profil horietako hainbat lagun elkartu dira Oñatiko plazan. Guztira 50 bat lagun. Euskal Herriko Casteller Taldeak deitutako entsegura gerturatu dira. Bilbon eta Donostian egiten dituzte aste tarteko entseguak, baina domeketan herriz herri ibiltzen dira eta gaur Oñati egokitu da.
"Hasi berriak gara. Euskal Herriko Casteller Taldea duela hilabete edo hilabete eta erdi sortu genuen", azaltzen du Eritz Campos oñatiarrak. Hala, hiru dira, oraingoz, taldeko kide debagoiendarrak. Eritz Campos oñatiarra, Aitor Zenitagotitabengoa bergararra eta Oñatin bizi den Eduard Ferrer kataluniarra.
Oñatiko plazan ziren hirurak Euskal Herriko Casteller Taldearen zapi gorria gerrian. Saioa Oñatin egin dela aprobetxatuz herritar gehiago ere hurbildu da parte hartzera. Horien artean izan da, esaterako, Sans-eko casteller taldean sei urtez ibilitako Zuriñe Madinabeitia. "Gonbidapena jaso dut eta gustura etorri naiz piña egitera. Colla honetara etorri naizen lehen aldia da, baina oroitzapen oso onak ditut Katalunian igarotako urteez, eta gogotsu etorri naiz".
Hiru orduko saioa
11:00etan hasi da entsegua eta askotariko giza-dorreak egin dituzte hiru orduz. Plazaren erdian aritu dira eta pozik ziren eguraldia tarteko ez zekitelako plazan edo frontoian egin beharko ote zuten entsegua. "Plazaren erdian hobeto da beti; jendeak ikusi egiten zaitu eta hori garrantzitsua da jendeak gure berri izateko eta kide berriak egiteko", esan dute.
Askotariko probak egin dituzte gaur. Postuak aldatuz joan dira eta Cap de Colla –agintari– lanak egin dituztenak ere txandakatzen joan dira. Pozik ziren amaieran. Kultura nahasketa interesgarria sortzen ari da taldean, eta azpimarratu dute ateak zabalik dituztela animatzen diren kide berri guztiendako. "Ez da aparteko gaitasunik behar eta gorpuzkera guztiak behar ditugu. Hemen denendako dago lekua", azaldu du Aitor Zengotitabengoa bergararrak.
Hurrengo saioa Donostian
Donostian egingo dute hurrengo entsegu nagusia. Hain zuzen ere, azaroaren 10ean –Behobia-Donostia egunean– elkartuko dira Gipuzkoako hiriburuan.