%2,51ko igoera orokorra izango dute tasek Oñatin datorren urtean

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko urr. 25a, 14:03

2023ko irailetik 2024ko irailera bitartean Kontsumo Prezio Indizeak izandako igoera orokorra aplikatzea udal tasei izan da Oñatiko Udal Gobernuaren proposamena, “arduraz eta denboraz landuriko ordenantza”, Izaro Elorza Arregi alkatearen esanetan.

%2,51ko igoera izango dute udal tasek, orokorrean, Oñatin datorren urtean. Atzo, eguena, udalbatzak egindako urriko osoko bilkuran onartu zen igoera, Udal Gobernuaren proposamena. EH Bilduko aldeko botoekin onartu zen; EAJko ordezkariek kontra bozkatu zuten. Jeltzaleen proposamena izan da izoztea tasa, hondakinenak izango duen igoera soilik aplikatzea. Ez ohiko salbuespena hondakinen gaineko zerga da. Horrek izango du igoerarik handiena: %33.6. Horri lotuta, %25eko hobaria izango dute auzo-konposta egiten dutenek.

Alkateak adierazi du Udaleko batzorde ezberdinetatik jasotako proposamen txikiekin, ordenantzetako puntuak osatu, hobetu eta eguneratuko dituztela eta oposizioaren adostasuna jaso dutela Uudaleko zerbitzu, Kultura, Gazteria, Gizarte zerbitzu, Ingurumen, Hirigintza, Berdintasun eta Kirol departamentuei loturiko proposamen txikietan. Aldiz, jeltzaleek egindako iazko berdinak diren bi proposamen ez ditu ondo ikusi aurten ere Udal Gobernuak. Batetik, etxe hutsen errekargua %100ekoa izatea kentzea proposatu dute jeltzaleek, neurri horrek ez duela alokairua sustatu argudiatuta. Udal Gobernuaren iritziz, baina, hori aplikatzen hasi zirenetik, 2013ik, 165 etxe huts gutxiago daude Oñatin; aurten 284k jaso dute errekargu hori. Bestetik, kiroldegiko tasa 22 urtetik 25era igotzea eskatu du oposizioak, baina 22an mantentzearen alde egin du Gobernuak, azpimarratuz adin horretatik gorakoek diru sarrerarik ez badute badaukatela hobariak eskatu eta eskuratzeko aukera.

Oposizioak egindako beste bi proposamen sartu dituzte ordenantzetan: Etxebizitzako obren zergaren inguruan, hutsik egon diren etxeak alokairura bideratzeko egin nahi diren obren gaineko zergei %90eko hobaria aplikatzea eta ikastaro eta matrikulen tasei lotutakoa bestea. Bi horien baldintzatan, baina, ez dira ados jarri eta abstenitu egin da puntu horien bozketan alderdi jeltzalea.

Etxebizitzen eta alokairuen bueltan, gai hori arazoa dela partekatu dute alderdi biek eta alkateak esan du gobernuak baduela etxebizitza plangintza bat egiteko asmoa esku artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak