Pirinioetako alde bietako hamar bat unibertsitateko 30 ikerlari elkartu ditu Arkeotopaketen laugarren edizioak. Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea dute elkargune, eta historiaurreko Pirinioetan ematen zen mugikortasuna dute aztergai. Oñatiko Udalak Euskal Herriko Unibertsitateko Historia saileko historiaurreko sailarekin duen hitzarmen bati esker antolatzen dira topaketak.
Alvaro Arrizabalaga EHUko irakasleak adierazi du hausnarketak egiteko hirietatik aldendutako leku apropos bat bilatzeak eraman dituela Oñatira: "Topaketa hauen helburuetako bat hausnarketak egiteko hiri batetik urruti gelditzen diren leku aproposak bilatzea da. Honen moduko toki bat oso aproposa da, unibertsitatea izan zelako, giro akademikoa dago hemen. Beste alde batetik, kanpotik datorren jendeari Oñatiko herria erakustea nahi da".
Mugikortasuna aztergai
Aztergaia ez da ausazkoa izan, arkeologiaren munduan pil-pilean dagoen gaia da. "Gai hori oso emaitza oparoak ematen ari da garai hortako arkeologiarako, hain zuzen, lurraldekotasunari buruz hitz egiteko datu batzuk agertzen direlako. Historiaurrea testu idatzien aurrekoa aldia bezala definitzen da, eta ez da Erdi Aroan bezala, erroldatutako pertsonen eta zergen inguruko informazioa dagoela, protagonistak ezagutzen ditugula. Historiaurren ez dago horrelakorik eta informazio hori datu arkeologikoetatik atera behar dugu, baina arrazoitzeko modua ez da berdina", dio Arrizabalagak. "Oso ongi identifikatuta dugu Euskal Herriari dagokionean, eta orokorrean Pirinioen alde bietan, zeintzuk diren suharrien azalaratzeak eta zeintzuk diren horien ezaugarri geologikoak. Gero, aztarnategi arkeologikoetan suharriak printzatan aurkitzen ditugunean, jakin dezakegu nondik atara zuten printza hori. Horrekin sare bat osatu dezakegu, nolabaiteko eremu ekonomiko bat marraztu dezakegu", gaineratu du.
Historiaurreko Debagoiena
Mugikortasunaren gaian, Deba bailarak, eta horrenbestez Debagoienak, paper garrantzitsua jokatzen zuela uste dute adituek: "Deba bailara Ebro bailara eta Ipar Goi lautada Kantauri aldearekin lotzen duen bide nagusia da. Ezin da Kantabria edo Asturiasetik pasatu, toki oso altuak daudelako tartean, beraz, pasaguneak Euskal Herritik dira. Bertan badaude pasabide batzuk, baina nagusiena, garrantzitsuena, Deba bailara da. Beraz, Debagoienak toki bat betetzen du, lotura hori nolabait bertan garatzen delako".
Urteko bigarrena
2024an egiten duten bigarren Arkeotopaketak dira hauek. Apirilean izan zen lehena, eta orduan emakume arkeologoak izan ziren protagonista, eta haien iragana, oraina eta etorkizuna aztertu zituzten. Arrizabalagak azaldu duenez, urtean behin egin beharreko proiektu bat da, baina, 2023ko edizioa ezin izan zen burutu, eta hitzarmena betetzeko urte berean bi egiteko beharra izan dute. Ez da hau gertatzen den lehen aldia, Covid-19aren pandemiaren eraginez 2022an ere bi edizio egin behar izan zituzten eta.
Herriari ireki nahia
Proiektua herritarrei gerturatzeko asmoz, Xavier Mangado eta Marta Sanchez de la Torre ikerlari kataluniarren eskutik 'Historiaurreko Pirinioak gurutzatu eta bertan bizi: Montlleó-ko aztarnategian 25 urteetako indusketa arkeologikoak' hitzaldia egin zuten atzo, Sancti Spiritus unibertsitatean.