Oñatiko Unibertsitatea eraberritzeko lanak hasi dituzte, eta "hurrengo urteetan egingo diren esku-hartzeetan lehena" dela azaldu du Oñatiko Udalak, ohar bidez: "Fatxada nagusiaren eta klaustroko lau fatxaden altxaera ortofotografikoa egin da, barne hartuta erliebeak, dorreen edo kontrahormen alboan, horma-hobiak eta irudiak". Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako sailak bideratutako lanak dira, "zaharberritze proposamen tekniko baten barruan" sartzen direnak, eta bide emango dute "eraikin historiko honetan egin beharreko esku-hartzea zehaztasunez eta xehetasunez definitzeko"; esate baterako, Udalak aurreikusten dituen turismo bulego berria eta ikasketa gelak.
Izaro Elorza Oñatiko alkatea eta Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua –Diputazioak baitauka Unibertsitatea kontserbatzeko ardura– atzo, hilak 15, batzartu ziren Oñatin, esku artean duten proiektuaren inguruan aritzeko. "Momentu honetan egin beharreko lana bertan dauden narriadurak karakterizatzeko laginak hartzea da, eta esku-hartzeko probak egiteko arloak hautatuko dira", azaldu du Foru Aldundiak, Dominguezen hitzetan, ohar bidez. Memoria bat egingo da ondoren, eta lortutako emaitzen arabera erabili beharreko teknikak eta produktuak zehaztuko dituzte.
Bi proiektu mahai gainean
Elorzaren esanetan, "herriarentzako" lanean ari da Udal Gobernua, eta Oñatiko unibertsitatean "laster" abiaraztea espero duten bi proiektu ditu mahai gainean: turismo bulego berriaren lekualdaketa eta ikasketa gelak egitea. "Horrela, unibertsitatearen berezko izaera eta balioa indartuko dira, behar den moduko erantzun bat emanez herriko zenbait beharrei eta erabiltzaileen profila zabalduz". Haren hitzetan, "espazioaren erabilgarritasuna handituko" da, "eguneroko erabilera natural bat ahalbidetuz".
Dominguezek, bestalde, Oñatiko unibertsitateak duen "balio historiko-artistiko ikaragarria" izan du oinarri, eta erantsi du hortaz jabetuta lanean dabiltzala "lehen hondatze seinaleetatik".