Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitateko harrizko bloke handi bat fatxadatik askatu da gaur. Lurraren kontra jotzearen ondorioz txiki-txiki eginda geratu da.
Ancora elkartetik adierazi dutenez, gertaera ez da berria; izan ere, iaz "gargola bat erori zen, eta orain arkosolioa eusten zuen pilastra bat erori da, Rodrigo Mercado de Zuazola gotzainaren busto otoitz-egilearekin. Pieza handi hori, fatxada nagusian kokatua, konposizio-mailako elementu nagusia zen, eta txikizioa oso nabarmena da".
Eraikina, Oñatiko arkitektura erakargarrienetakoa, 1540 eta 1548 artean eraiki zen Zeraingo Oa harrobiko harriarekin. Euskal Herriko lehen unibertsitatea izan zen, Alcalá de Henaresko unibertsitatearen edo Valladolideko Santa Cruz ikastetxearen antzera sortua.
Neurriak hartzea, "beharrezkoa"
Ancora elkartearentzat premiazkoa da diagnostiko bat egitea eraikinak dituen patologiak detektatzeko, eta protokolo bat hartzea arriskuak minimizatzeko eta kalteak lehengoratzeko: "Eragindako erakundeek (Oñatiko Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak) jarduteko eta baliabide guztiak mobilizatzeko betebeharra dute, Gipuzkoako artearen harribitxi hau salbatzeko", ondorioztatu du.