Ez da lehen aldia. Aspaldi hasi ziren Txinparta bertso eskola eta Ilunpetan argazki elkartea elkarrekin kolaboratuz bertsoak eta argazkiak lotu eta ikusgai jartzen. Plazako zutabeetan jarri ohi izan dituzte herriko jai nagusietan. Eta aurten ere bai: argazkia eta bertsoa elkarren ondoan, biko bat plazako zutabe bakoitzean.
Argazkilariek harrapatutako uneari bertsoa jarri izan diote bertso eskolakoek. Aurten, baina, alderantziz egin dute: bertsoa egin lehenengo eta gero hori ilustratu kamerak erabilita. 'Zaratak' izan da aukeratu duten gaia, eta zaraten zerrenda bat egin eta hortik hamabi aukeratu eta idatzi dituzte hamabi bertso herriko bertsolariek. Horiek irakurri eta argazkiak atera dituzte gero, Ilunpetan taldekoek.