78 urte ditu Arregik, eta 46 zituela atxilotu zuten Bidarten (Lapurdi). Zortzi urteko espetxe-zigorra bete zuen Frantzian, baina Espainiara eraman ondoren zigor gehiago ezarri zizkion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Espetxealdi horietan, gainera, Euskal Herritik urrun egon da, 2020an eraman baitzuten Martutenera.
2022an zortzi hilabetez egon zen etxean, Eusko Jaurlaritzak Martuteneko Tratamendu Batzordearen eskaera berretsi baitzuen hirugarren gradua jasotzeko, baina Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen eta Espetxe Zaintzako Epaitegiak aintzat hartu; bigarren gradua ezarri, eta Martutenera itzularazi zuten, gradu erregresioaren ondorioz. Hala ere, ez zen aldi bakarra izan, 2023ko apirilean hirugarren gradua lortu arren, Fiskaltzak berriro helegitea jarri baitzuen, espetxera itzularaziz.
Etxerat-ek ohar bidez azaldu duenez, 2023ko abendutik bigarren gradu arinduan egon da kalera ateratzen, eta 2024ko ekainetik, berriz, hirugarren graduan, kontrol telematikoarekin.
Ezarritako zigorrak
1992an atxilotu zuten Arregi Bidarten (Lapurdi), ETAren logistika arduraduna izatea leporatuta, eta, besteak beste, Bartzelonako Hipercorreko atentatuaren eta Zaragozako kuartel-etxearen aurkako atentatuaren ardura ezarri zioten. 2000an eraman zuten Espainiara, eta Auzitegi Nazionalak 2354 urteko espetxe-zigorra ezarri zion. Orduz geroztik, Villenako (Alacant), Villabonako (Asturias) eta Martuteneko espetxeetan izan da, eta tarte horretan, 2018an, barkamena eskatu zien biktimei.