Bigarren aldia da Arregik gradu erregresioa jasaten duela. Hirugarren gradua jaso zuen 2022ko otsailean, tratamendu-batzordeak proposatuta eta, orduko hartan, errekurtsoaren izapideak zortzi hilabetez luzatu ziren, Auzitegi Nazionalak presoa bigarren gradura itzuli eta espetxera itzularazi zuen arte.
Joan den astean hirugarren gradua lortu zuen berriro Arregik Justizia Departamenduaren aldetik, baina fiskaltzak berriro jarri du helegitea. Doktrina berriarekin, gainera, helegitea jartzea nahikoa da presoa kartzelara itzularazteko, epailearen onarpenaren zain egon gabe.
Joseba Arregi Erostarbek 77 urte ditu eta horietatik 31 pasa ditu kartzelan. Espainiako zigorraren hiru laurdenak 2019ko ekainean bete zituen.
Manifestazioa egubakoitzean
Gertatutakoa salatzeko, Oñatiko Sarek manifestazioa deitu du egubakoitzerako, Gradu erregresiorik ez! lelopean. 19:00etan abiatuko da, plazatik.