Iaz antolatu zituen Auzolinpiadak lehenengoz Oñatiko Txosna Batzordeak. Aurreko urteko arrakastari tiraka, eta aurten txosnek duten mafiaren gaia oinarri, oraingoan Trafijolasak antolatu dituzte. Balorazio positiboa egiten du Markel Bellidok, trafijolasetako aurkezle eta txosna batzordeko kideak: "Aurten ere giro oso ona egon da Trafijolasetan. Batzorde guztiak, aurreko urtean bezala, oso motibatuta eta lehian sartuta egon dira, eta hori positiboki baloratzen dugu". Azkenean, Ugarkaldeko jai batzordea izan da irabazlea. Honen ostean gelditu dira Berezaoko batzordea eta San Lorentzokoa.
14 batzorde lehian eta jai berriak bidean
14 batzorderen artekoa izan da aurtengo lehia, aurreko urtean baino 3 batzorde gehiago. Pozez hartu du hau Bellidok: "Aurten, zorionez beste hiru batzordek eman dute izena. Oso positiboki baloratzen dugu hori, berri pozgarria izan da". Zubillaga, Berezao eta sortu berria den Ugarkaldeko batzordea izan dira aurten jokoetan apuntatu diren batzorde berriak.
Iaz Santamañako jai batzordeak egin bezala, inoiz jairik antolatu gabe eman dute izena jokoetan aurtengo irabazleek, Ugarkaldekoek, eta hurrengo urtera begira jaiak antolatuko dituztela iragarri dute. "Urte batzuk dira jaiak antolatzeko gogoz gaudela. Duela sei urte saiakera bat egin genuen, baina gazte gutxi geunden eta ez zegoen motibaziorik. Aurten hiruzpalau elkartu eta proiektua berriro martxan jartzea erabaki genuen. Jendea hurbiltzen hasi zen eta oraingoan ikusi dugu badagoela motibazioa", dio Mikel Unzurrunzagak, Ugarkaldeko jai batzordeko kideak.
Unzurrunzagaren arabera, ez dira prestakuntza lanetan hasi, baina ilusio handia dute: "Oraindik ez dugu gauza handirik egin; ez dugu datarik pentsatu, ezta gauzak zela egingo ditugun. Lehen bileretako ideiak eta hauen garapen bat da esku artean duguna. Hala ere, gazte ugari batu gara, eta jendea oso gogotsu dago". Ugarkaldekoa pozik agertu da garaipenarekin, eta eskerrak eman nahi izan izan dizkio herriko txosna batzordeari, parte hartzeko gonbita luzatzeagatik: "Honek motibazio bat eman digu gure artean ezagutu eta gogo gehiagorekin hartzeko. Gogotsu gaude eta asmoa dugu hau aurrera ateratzeko. Eskerrak eman nahi dizkiogu Oñatiko Txosna Batzordeari, Auzolinpiadengatik ez balitza guztia zailagoa izango zelako".