Araozko naturaren eta basoen kontuak, sarean

Mireia Bikuña 2024ko ira. 27a, 17:00

Jose Angel Urkiak eta Iñazio Irizarrek Oñatiko Araotz auzoaren gaineko hainbat kontu batzen dituen webgunea ipini dute martxan. Iaz hasitako bideak eman ditu emaitzak, eta Urkiak idatzitako 540 artikulu baino gehiago irakur daitezke bertan.

Oñatik dituen hamasei baserri-auzoetako bat da Araotz. Mendiz inguratutako parajean dago, eta hamabi auzune txikiago hartzen ditu bere baitan:Elizondo, Ugaran, Zubia, Madina, Araotz, Urruti, Araozta, Agerre, Aizkorbe, Uriarte, Jausoro eta Gerneta. Era berean, eskalatzaileendako gune da, eta Arrikrutz eta Aitzulo ditu bere lurretan. Horrek guztiorrek oso aberats egiten du auzoa, eta hango natura eta basoak.

Horren jakitun, Araozko seme Jose Angel Urkiak eta Iñazio Irizarrek Araozko natura eta basoak webgunea ipini dute martxan (sites.google.com/view/araozkokontuak). 540 artikulu baino gehiago irakur daitezke.

Sortu eta zuzendu

Testuen sortzailea Urkia da. Irizarrek zuzentzaile lanak egiten ditu. Horrela banatu dituzte lanak. "Edozeri buruz idazten dut. Mendian banago eta zizare bat topatzen badut, badaukat aitzakia beste artikulu bat idazteko. Edo amari konturen bat entzuten badiot, hori ikertu eta balio dit testua idazteko. Nik nire modura idazten dut. Askotan, araoztar berbak erabiliz. Iñaziok zuzendu eta edozein lekutan ulertzeko moduan ipintzen ditu artikuluak", esan du Urkiak.

Artikulu guztiek dituzte argazki ederrak. Hori da webguneak duen ezaugarrietako bat. "Testuan dagoenari irudia ipini gura izan diot. Zer eta nolakoa den erakutsi. Testu laburrak idaztearen aldekoa naiz ni. Asko jota, hiruzpalau lerro. Garaiko bateko Twiterren horrela idazten genuen", dio.

Naturaren gainekoak, 320

Askotariko animaliek, baserriek, kondairek, ohiturek, pertsonaiek, ipuinek... guztiek dute tokia Araotzi buruzko webgunean. Alegia, Araozko entziklopedian. "Oso aberasgarria izan da niretzat. Bereziki naturaren gaineko gauza mordoa ikasi ditut: arrainak, hegaztiak, landareak, saguzarrak... Naturaren gaineko 320 artikulu baino gehiago ditu, argazkiekin guztiak".

Webgune "bizia"

Lantegian erretiroa hartu zuenean Twiterren idazten hasi zen Urkia, eta duela bi urte Pake Lekun egin zuten Wikipedia tailerrean parte hartu zuen. Orduan egin zuen topo Irizarrekin. Hura izan zen oraingo webgunearen lehen urratsa. Urkia idazteko gogoz dagoen bitartean webgune "bizia" izango dela dio: "Ahalegintzen naiz egunero zerbait idazten eta igotzen. Kontatzeko gauza asko ditut oraindik, eta webgunearen bitartez araoztarren, oñatiarren eta herritarren eskura ipintzen dugu material
guztia", azpimarratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak