Irailaren 30ean dantzek hartuko dute Foruen enparantza, Aukeran Dantza Konpainiari esker. Aiurri kale ikuskizunarekin helduko dira Oñatira, 20:00etan hasiko den emanaldi batean.
Dantzaren bidez, mugimenduaren inguruan hausnartuko dute ikuskizunean parte hartzen duten zazpi dantzariek. "Mugimenduarekin du zerikusia ikuskizunak, dantza azken finean mugimendua da, eta hori oinarri izanda sortu dugu kale ikuskizuna", azaldu du Edu Muruamendiarazek, Aukeran Dantza Konpainiako zuzendariak.
Guztira, "konpainiaren nortasuna erakusten duten" hamabi koreografiak osatzen dute ikuskizuna. "Gure ibilbidea hori da, gure nortasuna erakusten dugula ikuskizun guztietan, eta emanaldi hau horretaz doa". Dantzari bakoitzak bere mugimendu eta dantzak ditu ikuskizunean, baina horiek aldatu egiten dira emanalditik emanaldira. "Emanaldi bakoitza ezberdina da, ikuskizuna bizirik dago. Mugimenduan oinarritzen da, eta, beraz, ez da ikuskizun finkoa, aldiro aldatzen dabil. Oñatikoak ere ezberdintasunak izango ditu aurrekoarekin alderatuz gero. Plaza bakoitzera egokitzen gara", dio Muruamendiarazek.
Ikuskizunaren beste ezaugarrietako bat da 360 graduko emanaldia dela: "360 gradutan egiten dugu. Publikoa gure inguruan egoten da eta soinua koadrofonia bidez ateratzen da. Norabide guztietan dantzatzen dugu eta beste ikuspegi batetik ikusten da emanaldia".
Harrera ona
Aurreko urtean estreinatu zen Aiurri, eta geroztik arrakasta handia izan du ikuskizunak. Harrera oso ona izaten dute emanaldiek: "Flipatzen gabiltza. Aurten hamabost bat emanaldi egin ditugu. Aurreko astean Lekornen izan ginen, Ipar Euskal Herrian, eta txoratzen amaitu genuen, baita publikoak ere. Kataluniara ere heldu gara, eta Andorran izatekoak gara".
Bide horretatik, oñatiarrak ere animatu nahi izan ditu: "Jendeari animatzeko esango nioke. Energia asko du emanaldiak, eta oso ondo dago ikusteko".