Goizeko 09:00etan hasita, oholak, pinturak eta astoak hartuta, herrian zehar sakabanatu dira aire libreko pintura lehiaketan parte hartu duten margolariak: plazan batzuk, Bakardadearen Ama kalean eta San Anton kalean beste bana, Portu plazatxoan... Azkenean hamahiru koadro entregatu dituzte nagusien sailean eta bost gaztetxoenean –denak oñatiarrak–. "Kategoria bietan egon dira parte-hartzaileak, eta pozik gaude kopuruarekin. Gainera, maila ona ikusi dugu", azaldu du Oñatiko Margo Taldeko Jabi Ugartek. Kultura etxean elkartu dira 14:30an, sari banaketarako.
Nagusien saileko sarituak:
- Ricardo Azkargorta Zelai
- Jose Miguel Arranz de Juan
- Fernando De Vicente Garrido
- Oñatiar onenaren saria: Xanti Ugarte Mugarza
Gaztetxoen saileko sarituak:
- Nagore Gereñu Etxezarreta
- Garazi Biain Urzelai
- Xan Urteaga Garmendia
Erakusketa zabalik
XX. pintura lehiaketa izan da aurtengoa. Oñatiko Margo Taldeak antolatu du aurten ere eta ohikoa duten moduan, kultura etxeko erakusketa gelan jarriko dituzte orain pinturak ikusgai. Lehiaketan egindakoak eta margo taldeko kideek egindakoak egongo dira ikusgai. Irailaren 23tik urriaren 13ra egongo da zabalik erakusketa, 18:00etatik 20:00etara, astelehenetik egubakoitzera, jaietako egun potoloenetan salbu.