Txosna Batzordeak 2024ko jaietako egitaraua aurkeztu du, eta, azken urteetan arrakasta izan duten ekintzez gain, beste hainbat berritasunekin dator aurtengoa. Iaz, Espiritualitatea izan zen Txosna Batzordeak jaietarako proposatutako gaia; aurten, berriz, Mafia izango da Oñatiko kuadrillek landu beharko duten gaia. Irailaren 27an 19:00etan irekiko dute txosnagunea, eta, hasierako ekitaldi baten ostean, Malenp oñatiarrak kontzertua emango du. Emanaldiaren ostean hartuko du txosnagunea aurtengo berritasunetako batek: film laburren lehiaketak. Hurrengo egunetan ere askotariko ekintzez gozatzeko aukera egongo da txosnagunean; besteak beste, Trafijolasak egingo dituzte irailaren 28an, 11:00etan hasita; bakarrizketak egongo dira hilaren 29an, 20:00etan hasita; hilaren 30ean, 17:30ean, kantuan eta dantzan aritzeko aukera izango dute adin guztietako haurrek, Mugi Boogie-ren eskutik; kulturarteko pintxo-potea egongo da urriaren 4an, 19:00etan hasita; eta jaietako azken egunean, Errosaixo Bixamonean, urteroko Dibertsioek emango diote amaiera txosnetako egitarauari.
Mafiaren bueltan
Film laburren aldeko apustua egin du aurten Txosna Batzordeak, eta Oñatiko kuadrillak gonbidatu dituzte mafia gai gisa duen lan laburra sortzera. Antolatzaileek adierazi dute "txosnen irekieran ekitaldi bat egiteko eta herritarren parte hartzea sustatzeko asmoz" erabaki zutela film laburren lehiaketa egitea. Batzordeko kideek adierazi dute aurkeztutako lan kopurua ez dela jakingo "irailaren 25era arte, azken entrega egunera arte". Hala ere, aitortu dute "uda aurreko kopurua txikia zen arren, irailean taldeak martxa hartzen" hasi direla.
Esan bezala, irailaren 25era arte izango dute oñatiarrek euren film laburra bidaltzeko aukera. Gehienez hiru minutu izan beharko ditu, eta gaia mafia izatearekin batera, film laburrean erabili beharreko objektuak txosnetako basoa izan beharko du. Parte hartu nahi duten taldeek oinatikotxosnak@gmail. com helbidera bidali beharko dute euren lana.
Auzoen arteko trafijolasak
Berezao eta Ugarkalde auzoek parte hartuko dute Trafijolasetan; 14 talde egongo dira guztira.
Iaz estreinatu zituen Txosna Batzordeak Oñatiko auzoen arteko olinpiadak, eta, herritarren artean ekimenak izan zuen arrakasta ikusita, antolatzaileek erabaki dute auzolinpiadek txosnetako egitarauan tokia izatea beste urte batez. Aurtengo jaiak mafiaren gaiaren bueltakoak izango direnez, auzolinpiadek ere gai horrekin lotutako izena izango dute: Trafijolasak. Hamalau taldek eman dute izena dagoeneko eta antolatzaileek adierazi dute berritasunak egongo direla parte hartzaileen artean: "Bi auzo berriren ordezkaritza egongo da Trafijolasetan; alde batetik, Berezao auzoko taldea egongo da, bertan ere ospatzen dituztelako euren auzoko jaiak; eta, bestetik, Ugarkalde auzoko taldeak ere eman du izena".
Lau gunetan jokatuko dira Trafijolasak: txosnagunean – bertan hasiko da–, San Anton Plazan, Herriko Plaza inguruan eta Atzeko kalean, eta gune bakoitzean jolasak egingo dituzte –eguraldiak baldintzatu ditzake–, 14:30ean txosnagunera bazkaltzera joan aurretik.
Barre-algaraka aritzeko unea
Dantzarako, kanturako eta festarako uneak egongo dira txosnan, baina baita barre egitekoak ere; izan ere, aurten, aurrenekoz, bakarrizketa saio bat egongo da: irailaren 29an, 20:00etan hasita, Iker Plazaola, Julen Portillo, Asier K eta Lide Arregi arduratuko dira ilunkera girotzeaz.
Parranda osteko egunek "arrakasta handia" izan zutela ohartu ziren iaz Txosna Batzordeko kideak, eta, hortaz, egitarauan igandeei ere garrantzia eman nahi izan diete: "Igandeetan txosnak bizitza izatea nahi dugu, eta horregatik erabaki dugu, alde batetik, bakarrizketariak ekartzea, eta, bestetik, Goxua N Salsa eta Ingot taldeek kontzertu bana jotzea –urriaren 6an–".
Hamabi talderen bertsioak
Hamabi taldek hartuko dute parte Dibertsioetan, eta askotariko estiloak jorratuko dituzte.
Urteroko legez, herriko kuadrillek girotuko dute Errosaixo Bixamoneko arratsalde eta gaua Dibertsioetan. Iazko kopurua handitu egin da; izan ere, hamabi taldek eman dute izena aurten, eta musika mota askotariko kontzertuak entzuteko aukera izango dute oñatiarrek, 17:00etan hasi eta goizaldera arte. Antolatzaileak "oso pozik" daude, "talde askok parte hartuko duelako eta txosnen balioekin bat datozen alderdiek garrantzia izango dutelako; besteak beste, emakumeek eta euskarak presentzia izatea oholtza gainean". Txosna Batzordeak jakinarazi duenez, hauxek dira oñatiarrek bertsionatuko dituzten taldeak eta haien ordutegiak: Bi Bala (17:00), Hertzainak (17:50) Comando 9mm (18:40), Tutan Come On (19:30), Kaos Etiliko (20:20), Añube (21:30), Ken Zazpi (22:20), Never Surrender (23:10), Pantera (00:00), Ska-P (00:50), Los Zopilotes Txirriaos (01:40) eta Hemendik At –ordutegia zehaztu gabe–.
Dibertsioetako kontzertuak diren bitartean, 21:10ean, film labur onenaren eta Errosaixo Bixamonean mafia gaiaren bueltako mozorro onenaren sariak banatuko dituztela ere jakinarazi dute antolatzaileek.
Erasoen aurkako protokoloa
Txosna Batzordekoek adierazi dute Oñatiko jaietan ez dutela inolako erasorik onartuko, eta horien aurrean "erasoen aurkako protokoloarekin" erantzungo dutela. Horrez gain, herritarrei "txosnetan falta diren txandak betetzeko eskaera" egin nahi izan die Txosna Batzordeak: "Herritik eta herriarentzat egindako jaiak dira, jai herrikoiak; horregatik, herritarrak gonbidatu nahi ditugu falta diren txandak betetzera, txosna irekita mantentzeko asmoz".