Bozgorailuak lehertu arte

Hasier Larrea 2024ko ira. 25a, 15:00

Plazako, txosnaguneko eta Atzeko kaleko eszenatokiek jasoko dituzte sanmigeletako kontzertuak. Ostiral honetan entzungo dira lehen zuzeneko notak, txosnen irekierarekin batera. Urriaren 7ra arte ez dute etenik izango.

Jai handi batzuek behar dituzten osagaiz hornituta etorriko dira sanmigelak, rock, rantxera eta erromeria dosiz beteta. Dozenatik gora zuzeneko egongo dira; tokiko musikarienak, batik bat.

MALENP

Txosnagunea / Irailak 27 / 19:30

Herriko bakarlari horren emanaldi akustikoak irekiko du txosnetako egitaraua. Soinu elektronikoei eta hainbat musika-tresnari egiten die tokia. Bertsioen artean abesti propioak ere entzun ahal izango dira.

LISKER

Plaza / Irailak 28 / 20:15 eta 00:30

70eko hamarkadan Eibarren sortutako folk-rock taldeak tinko eta zutik dirau hainbeste urteren ostean, gaur egun plazako talde bilakatuta.

SIEMPRE SABINA

Atzeko kalea / Irailak 29 / 19:00

Joaquin Sabina kantautorearen tributu-bandak errepasoa egingo die haren kantu entzutetsuei. Ubedako artistak sortutako piezarik arrakastatsuenak abestu gura dituztenek badakite noiz eta non duten hitzordua.

SÜNE

Plaza / Irailak 29 / 23:00

Josune Arakistainek proiektu pertsonala jaurti zuen udan, eta geroztik aurkezpen biran murgilduta dago. Trikitiaren erroetara ondo lotuta jarraitzearekin batera, musika-tresna hori estilo garaikideekin nahasteko apustua egin du lasturtarrak, taldekide berriak aldamenean dituela.

ACORDES NAVARROS

Lazarraga lorategia / Irailak 30 / 13:00

Nafarroako jotek ere izango dute tokia jaietan. Lizarratik etorriko den seikoteak ibilbide luzea egin du oholtzan, 1988tik ahoz gora kantatzeko trebetasuna erakusten baitihardute. Disko bat kaleratu zuten 2018an, De Estella a la Ribera, kantu-bilduma mardul eta aberatsa dutela erakusteko.

ESNE BELTZA

Plaza / Urriak 4 / 23:00

Esne bidea bira amaierara heltzen dabil eta geltokietako bat Oñati izango du. Kolaborazio eta dantzariz lepo etorriko da Xabi Solanoren taldea, beti bezala, ska, rap, tex-mex, runba, rock, elektronika eta pop estiloak uztartuta. Taldeak Oñatin joko duen azkenengo kontzertua izango da, otsailean agur esango baitute behin betiko.

 

OBANEUKE

Atzeko kalea / Urriak 5 / 18:30

Zapatuko bazkalostea erromeria talde horrek girotuko du, kantu ezagun eta dantzagarriak plazaratzeko prest. Haien doinuek erakarrita gerria astintzera animatuko da festazale bat baino gehiago.

LAKET

Plaza / Urriak 5 / 20:00 eta 22:30

Ilunabarrak eta gauak arratsaldearen ildo beretik joko dute zapatuan. Laket musika taldeak emango dio erromeria ukitua, kasu horretan, Foruen plazari. Baten faltan, birritan joko dute, gainera.

REBEL NOISE

Txosnagunea / Urriak 5 / 22:00

Debagoieneko Rebel Noise taldearen bigarren diskoko kantu berriei harrera beroa egiten dabiltza zaleak. Punk-rocka pasioz bizi dute musikari gazte eta konprometitu horiek; horixe erakusten dute zuzenekoetan, eta txosnetako hitzordua ez da salbuespena izango.

HAMARRATZ

Txosnagunea / Urriak 5 / 22:00

Etxeko giro goxoan jokatuko dute Hamarratz erromeria taldeko kideek. Bederatzikotea izatetik seikotea izatera pasa arren, ziur txiki geratuko zaiela eszenatokia, haien jarraitzaileei dantzalekua txiki geratuko zaien modu bertsuan.

 

ZOPILOTES TXIRRIAOS

Txosnagunea / Urriak 5 / 22:00

Nafarroako Zopilotes Txirriaos rantxera talde ezagunak ere presente egon nahi du txosnetako parrandan. Ondo baino hobeto moldatzen dira bazterrak nahasten eta jaietako osagaiei mina botatzen; ikuskizuna bermatuta dago Konejo abeslariarekin eta enparauekin.

AFRIKA BIBANG

Atzeko kalea / Urriak 6 / 19:00

Euskarazko kantugintzari ekarpen handia egin dio musika beltzaren bidea urratuta Afrika Bibang abeslari algortarrak. Soul, reggae eta jazz nahasketez baliatzen diren musikariei ginga jartzen die haren ahots indartsuarekin.

INGOT ROCK

Txosnagunea / Urriak 6 / 19:00

Ingurumenaren eta kausa sozialen aldarrikapenak dauzkate bizkaieraz kantatzen duen rock talde horren kantuek. Folkean, punkean, heavyan eta rock-androllean sentitzen dira eroso taldekideak, Itziar Ituño artista polifazetikoa buru.

 

LONDON ORQUESTA

Plaza / Urriak 6 / 23:00

Nafarroatik etorriko diren musikari nekaezin horiek gai dira oholtza gainean hainbat orduz jo eta su ibiltzeko, inolako konplexu barik, askotariko estiloen artean hara eta hona. Adin guztietako publikoak gozatzeko moduko ikuskizun alai eta martxosoak aurkezten iaioak dira.

DIBERTSIOAK

Txosnagunea / Urriak 7 / 17:00

Errosaixo Bixamonari kolore berezia emateaz arduratuko dira herriko kuadrillak. 17:00etatik ordu txikiak arte, musika talde ezagunen kantuak plazaratuko dituzte musikazale gazteek Dibertsioetan, hala nola Hertzainak, Kaos Etiliko, Añube, Never Surrender eta Hemendik At-enak.

 

PURO RELAJO

Plaza / Urriak 10 / 20:00

Udalak kaleratutako ikus-entzunezko egitaraua Puro Relajo mariatxi taldeak borobilduko du. Sigo siendo el rey edo Txoria txori, berdin zaie Mexikora jo edo Euskal Herrian geratu, erosokeriatan erori gabe esperimentaziora jotzen dute, eta ondo funtzionatu izan diete sorreratik 11 urtera ere.

...eta gehiago...

Honaino oholtza gainekoen errepasoa, baina ez musikarekin lotutako ekitaldi guztiena, emanaldi mugikorrek protagonismo handia izango baitute, txarangek; elektrotxarangek eta kalejirek, esate baterako. Egunaren argitan izango diren dantza emanaldiekin ere gozatu ahalko dute oñatiarrek, baita gaueko iluntasunean lanean hasiko diren disko jartzaileekin ere. Askotariko estiloen erreinua izango da Oñati laster.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak